Barajas

Atentatua Barajas-en. Horrelakoetan, beti deitzen dute batetik eta bestetik. Ezer erantzun gabe gelditu? Pentsatzen duzuna adierazi?

Zilegi da isilik gelditzea. Baina zilegi da, halaber, hitz egitea. Bigarrenaren aldekoa naiz. Nire iritzia garbi uztearen aldekoa. Isiltasunak egin gaitu morroi, garaiz esan behar ziren egiak ez esateagatik gaude tenore honetan. Ez dago ez estrategiarik ez taktikarik injustizia baten aurreko isiltasuna zuri dezakeenik. Hanka sar dezaket. Nahiago dut hanka sartu.

Bi egunkaritatik deitu didate. Artean, ez nekien bi hiritar desagertuta zeudenik. Artean, albiste guztiek zioten atentatua oso gogorra izan dela baina ez dela biktimarik izan. Artean, inork ez zuen bi desagertuez hitz egiten, desagertuak ekuatoriarrak zirenik esaten.

Eta nire iritzia eman diet bi egunkariei. Bi desagertuena jakin izan banu, agian tonu gogorragoa erabiliko nuen. Baina, tonuak tonu, pentsatzen dudana dago adierazi ditudanen atzean.

Liburuak gerran

Orain hilabete doi Madrilen izandako memoria historikoari buruzko jardunaldietan, liburuen erakusketa erraldoi bat ere antolatu zuten. Balek jota zeuden, erdi erreta, gerraren arrastoak zituztela: Madrileko Hiri Unibertsitarioaren setioan, tropa batzuek eta besteek defentsarako hondar-zakur gisa erabilitako liburuak ziren (Cervantes eta Shakespeare, inkunableak eta balio handiko lehen edizioak).

Nire adiskide batek El imposible vencidoren lehen edizioa dauka etxean: nire lagunaren aitak, gerran soldadu zebilela, hainbat liburu aurkitu zuen etxe erdi erori bateko hondakinen artean, tartean Larramendiren gramatika.

Sona handia zuen Urdazubiko liburutegiak. Napoleonen tropek hondatu zuten. Urdazubiko baten testigantza:

Notak (I)

Poesia nobela baino gutxiago itzultzen da. Askoz ere gutxiago. Horrek esan nahi du poesiaren hizkuntza batetik besterako joan-etorria ere urriagoa dela. Hizkuntza batera zein bestera itzultzen diren sorkuntza liburuetatik oso gutxi dira poesiakoak.

Baina bataren eta bestearen eragina ere galga berekoak dira, poesiaren eragina zabalkuntzaren araberakoa da?

Astiroagoa omen da poesiaren eragina, baina sakonagoa. Hori da, behintzat, literatur onkeriak agintzen duen axioma.

Onkeria hutsa da? Ez naiz poeta, baina

Zuhurrarena

Urtean zehar periodikoa zabaltzea izaten du goizeroko lehendabiziko lana, eta harro dago irakurle zuhurra delako, beti asmatzen baitu zein albiste den adar-jotze sekulakoa eta zein ez. Badaki iruzurra detektatzen, gezurra usaintzen, adar-jotzea antzematen, manipulazioa igartzen, buztan-ziriak nabarmentzen. Urte askotako lanari esker, ikaragarri zorroztu du bere sena, mundua ulertzeko eta munduan ibiltzeko bere manera da.

Gaurko egunez, ordea, ez du periodikorik zabaltzen. Gorroto du inuzente eguna, pipertuta pasatzen ditu ordu guztiak, ez baitu ulertzen kazetariak-eta inozentaden bila ibiltzea. Urte guztia pasatzen ez dute ba buztan-ziri mordoa plazaratzen? Zer nahi dute, gaur tontakeria sinesgaitz bat argitaraturik, urte osoko gezurrak estaltzea?

Hor dago, bada, gure irakurle zuhurra pipertuta eta biharko egunaren zain, periodikoa hartu eta ohiko inozentadak detektatzen hasteko.

OHARRAK (Post scriptum)

Bakardadea arintzen

Zaharren egoitza batean nengoen ezagun baten bisitan. Emakume egoiliar batek, gure ondoko mahaian eseririk, telefonotxo bat atera zuen bere poltsatik. Bizpahiru zenbaki soil markatu eta gero, hizketan hasi zen.

Orgasmo globala

Neguko solstizioa zela baliaturik, hainbat erakunde bakezalek orgasmo globalaren eguntzat joa zuen atzokoa egik txortan eta ez gerra lemapean. Arratsaldeko lauretan zen ordu seinalatua, elur-giroko siesta-garaia ez baita sasoi txarra sasoikoak gaudela demostratzeko.

Irakurle, imajina ezazu eszena: zu eta ni, urlia eta berendia, hura eta hau, munduan diren bakezale guzti-guztiak aldi berean hasi ginen txortan, eta aldi bertsuan ekin genion orgasmoari ere, jardun arnasestutsuaren intentsitate handieneko puntu goren alpinoari! Aaa! guztiek eragindako oihartzun bateratuak gerraren kontrako sekulako energia positiboa sortu zuen, eta iniziatibaren eragileek zuten esperantza konplitu zen: akabo gerrak munduan!

Bakeak ez du, ordea, gerrak bezalako oihartzunik hedabideetan, eta jendea ez zen enteratu. Edo, bestela, jendeak ez zuen txortan asmatu.

Aski da gaurko periodikoak zabaltzea.

OHARRAK (Post scriptum)

Loteriaz

Gaurko egunez loteria eguna izaten da hegoaldean. Gure protagonistak ez baitu lanik egin gabeko bizitza baten esperantzarik galtzen, modu berean hasten du beti gaurko eguna: zorionean planto egiteko ilusioz. Baina gure protagonistari ez zaio sekula ezer tokatzen, eta eguna ere modu berean bukatzen du beti: depresioak jota. Eta orduan, euskaldun peto-petoa baita, hain bereak dituen etsipena eta aszetikarako joera ateratzen zaizkio barru-barrutik: loteriarik onena, lana!, agintzen dio bere buruari, eta, urte osoan, hoztasun halako batez hitz egiten du loterian eta fortunan esperantza gehiegi jartzen duten txoroen kontra.

Hegoaldean, loteria eguna. Gure protagonistak, lanik egin gabe bizitzea baitu amets, gaur ere betiko moduan hasiko zuen eguna: zorionean planto egiteko ilusioz eta benetako zoriona gauza txikietan dagoela sinetsita: yate txiki bat, txalet txiki bat, fortuna txiki bat

Gelditasun aktiboa

Bai, badakit gelditasun aktiboa espresioak ezinezko zerbait adierazten du; gauza edo gertakari bat geldia da ala aktiboa da, bitariko bat, baina biak batera, ezin. Ederki, horra eztabaida ezin daitekeen koska bat. Baina existitu, existitzen du. Begira, bestela, bake prozesuari: gelditasun aktiboagorik, ezin. Edo aktibotasun geldia da gertatzen ari dena? Ez dakit, nahasita nago, baina horra bake prozesua ezinezkoa den zerbaiten ohol-gainean, gelditasunaren eta mugimenduaren arteko orekari eutsiz. Eroriko da, ez da eroriko? Badago olaturik edo argazki izoztu bat da ikusten ari naizena? Gelditasun aktiboaren ikuskizun paregabea da, nolanahi ere: ez da ezer aurreratu prozesua hasi zenetik, nork esan dezake ez dela ezer aurreratu?

Entzun eta hausnartu gelditasun aktiboaren malabaristek egunero esaten dizkigutenak

Kaltegoria

Kaltegoria handiko epaile batek, kaltegoria gaiztoko egoera baten aurrean amen-amen eginik, egunkari bat ixtea erabaki zuen. Oroimenaren begi-ninietan geratu zaizkigu argazkiak.
Kaltegorikoa izan zen periodiko handi eta txikiek albisteari eskaini zioten arreta, kaltegorikoak egin zituzten balorazioak, juizioak eta editorialak, kaltegorikoa gehin-gehienek egin zuten aurre-epaiketa. Epelenek, egunkari baten itxieraren larritasunaz aritu eta gero (Ai, adierazpen askatasuna!), baldintza itxurako kondena zerabilten: egunkari batek harremanak baditu terrorismoarekin, paga dezala. Hedabide beroenen kondena, ez dago zertan kontatu. Urteak pasatu dira ordutik. Orain fiskalak dio ez duela periodikoaren itxiera zuri dezakeen frogarik aurkitu.

Kaltegoria handiko periodikoen orri pasan jardun dut asteburu osoan. Baloraziorik, juiziorik, editorialik ez. Mutu. Egindako kalteak ez du idatziko dionik.

OHARRAK (Post scriptum)