Basomutilak

Basomutil bat zer den ezagutu nahi baduzu, adiera bakarra jasoko duzu hiztegitik: basoan lan egiten duen gizona. Hitzak, ordea, ba omen zuen beste adiera bat ere euskaldunontzat: gerrillaria; basoan ezkutatzen zena norbaiten kontra egiteko.

Izenak izana baldin badakar, adiera horrek zera esan nahiko luke: gurean ere bazirela Robin Hood edo Willem Tell bezalako basomutilak. Bidelapurrak ziren, heroiak ziren? Erromantizismoak Erdi Arotik jaso eta edertu zuen arketipoaren arabera, boteretsuei kentzen omen zieten behartsuei emateko. Kausa justu baten alde borrokatzen zenaren aurpegia nagusitu zaio, bada, gaizkilearenari.

Egunotako albisteek Robin Hood ezkutatzen zen Sherwood baso mitikora eraman gaituzte: neurriak hartzen ez badira, pagorik gabe eta soilduta geratuko omen da. Ez da guztiz galduko: Errol Flynn-en ibileren eszenategian lehiatu eta leziatua da gure haurtzaroko irudimena.

3 thoughts on “Basomutilak

  1. Aspalditik, entzun dudanez, guk ere izan genuen Arratia aldean gure basomutil gure Robin Hood hain zuzen ere eta hura Patakon izan zen. Oker ez banago, Gorbeiako leize batean izaten omen zuen bere gorde lekua.
    Arratian zebilen antzinako esaldi batek argitzen digu zernolako gizon mota zen bide lapur famatu hura:
    Patakon, dekonari kendu, ez dekonari emon.

  2. Joseba Agirreazkuenagak eman zuen berririk “Patakon” hartaz, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian, 1986.ean, artikulu honetan: “XIX mendeko bandolerismoaz: Manuel Antonio Madariaga: “Patakon” gaizkile onaren adierazpena”.

    Patakon baino lehenagokoa dugu bertze eredu bat, itzal berdina irabazi omen zuena zuena, XVIII mendean, Sierra Morenan: Diego Corrientes alegia, zeinak honela aurkeztu zuen paskinetan bere burua: “Diego Corrientesek aberatsei ostu, behartsuei laguntza eman eta inor hiltzen ez du”.

  3. Jaime eta Bixente, eskertzekoak benetan zuen ekarriak.

    Satrustegik, berriz, Sakanako basoetan ata baserri inguruetan ibiltzen zen Mattin Mottela eskale, petrikilo eta basomutilaren ibilerak eman zizkigun argitara Ibaizabalek argitaratu zuen “Mattin Mottela” izeneko ipuin liburuan.
    “Txikiak handia nola garaitu” eskema dago beti Sakanan hari buruz kontatzen diren ipuinetan. Ipuinetako pertsonaia benetako pertsona batek inspiratu zuen, ez dakit.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude