Laztura

Bat-batean, errutinaren erdian, eguneroko ohitura on burgesen aura erdipurdikoaren muinean, arimako ileak ere lazten dizkigun albiste bat. Austrian gertatu da oraingoan. Hemen hurbil ere gerta zitekeen. Auzo bat, ezagun bat, inorekin sartzen ez den hiritar anonimo arazorik gabe hori

Kapitalismoaren gorazarre

BBK aurrezki kutxak urteko lehen hiruhilabetean izandako irabazi txit oparoen berri zekarten herenegungo hedabideek. Berripaper honi dagokionez, aurrezki kutxako arduradunek erabilitako hainbat hitz eta espresio jasotzen zuen albisteak. Arrakasta zen hitz totemikoa, optimismo zerutiarra arduradunen diskurtsoetako tonua.

Normala irizten diogu horrelako albiste bati. Zergatik ez da normala izango guk geuk eman diogu-eta normaltasunaren zilegitasuna? Baina zer nahi duzue esatea: bankuek-eta ematen dituzten irabazi astronomikoen albisteak lizunak iruditu izan zaizkit beti. Kapitalismo basatiaren gorazarreak.

Diru asko inbertitzen dutela ekintza sozialetan? Hipotekekin-eta lortzen dituzten irabazien albistearen ondoan, hipotekak ordaindu ezin dituztenei buruzko erreportajeak eman beharko lirateke. Horrelako ekintza sozial batean ez lukete, ordea, sosik jarriko.

Gezurretan?

Ez omen da irakurtzen; belaunaldi berriek letrak zokoratu omen dituzte eta teknologiak berriak lehenetsi; irakurketak ez omen du esperantzarik. Atzo ere aspertzeraino entzun genituen horrelakoak. Ez da, ordea, egia: inoiz baino gehiago irakurtzen da. Eskolan, kalean nahiz sarean, letraz beteta dauzkagu kale-kantoi guztiak, letra barreiatua dago bizitzaren eremu guztietan; generoak eta situazioak ugaritu zaizkio letrari; letrarik gabeko zirrikitu gutxi ikusiko duzu bazterretan. Sarbide gero eta oparoagoak ditugu beste hizkuntzetako letretara iristeko ere.

Orduan, zer? Gezurretan ari gara?

Neurri batean, bakarrik, irakurketa aipatzen dugunean, liburuez ari gara: irakurketaren formatu bakarra liburua balitz bezala hitz egiten dugu, eta hortik sortzen da nahasmena.

Arazoei aurre egiteko beharrezkoa omen da diagnostiko zuzena. Irakurketaren auzian, ordea, mina bera da izendatu gabe daukaguna.

OHARRAK (Post scriptum)

Irakurketa idatzitako zeinuen interpretazioa da, ez besterik. Gizarteko gehien-gehienek menderatzen duten tresna.

Irakurzaletasuna aipatzen badugu, tresna hori baliatzeko zaletasunaz ari gara. “Mundo deportivo” edo periodikoa egunero irakurtzen dutenak irakurzaleak dira. Irakurzaleen artean dago Athletici buruz idatzitako guztia irakurtzen duena, oftalmologiaz irteten den guztia irakurtzen duen oftalmologoa.

Irakurzaletasuna bultzatu nahi dugu, bale. Baina zein irakurzaletasun? Literarioa soilik? Liburua formatua duena bakarrik? Espiritu politikoki zuzena eta gizarteak onartua bazkatzen duen irakurzaletasuna?

Pertsonak

Bermeoko ontzia bahitu zuten momentuan esan zitzaigun hogeita sei zirela eskifaiako marinelak. Sei bat euskaldunak omen ziren, beste hainbeste gailego, eta gainerako guztiak afrikarrak. Herenegun esan zitzaigun hori.

Atzo, berriz, hemengo hedabide askok jakinarazi ziguten bost direla marinel euskaldunak, eta haien izen-abizenak emateaz gainera, ezagutarazi zizkiguten haien perfilak ere. Han edo hemen gailegoen izen-abizenak ere ezagutu genituen; afrikarrei buruz, ezer ez. Berripaper honek, aldiz, eskifaia osoaren zerrenda zekarren, ontziko pertsona bakoitzaren ofizioarekin. Baita lagun arteko argazki bat ere, aldarte nobleko bazkaloste batean.

Orain, berriz, gustura jakingo genuke gailego eta afrikar guzti-guztiak beren lurretan erroldatuak izan diren, ala egun batean bizitzaren zirimolak hona bultzatutakoak (euskal hiritarrak?), horrela pixkana-pixkana hogeita sei pertsonen soslaiak osatzen joateko.

Argi ibili

Argi ibili! espresioak erne ibiltzeko esan nahi du. Aholkua izan liteke, baina baita mehatxua ere, eta amarruz betetako bizitza baten adierazpena izaki, erabilitako tonuak adierazten digu arriskuaren zenbaterainokoa.

Espresioak, ordea, beste esanahi bat izango zuen jaio berritan, hori pentsatu nahi dut. Hasiera hartan, nork bere inguruan argi egiteko gonbitea izan zitekeen: argi ibili, lagun; uxatu ilunpea, banatu bakea

Gerrak kontatzen

Napoleonek Espainiaren konkistari ekin zionean Portugalera joateko aitzakian, eta horrek Espainiaren eta Frantziaren arteko gerra piztu zuelarik, pentsatzekoa da euskaldun dezente egongo zela frentearen alde batean zein bestean (historian zehar askotan gertatu zaigun zorte etsaia da), Espainiaren independentzia defendatzen batzuk, Frantziaren interesen alde beste hainbat. Napoleonen tropetan euskal mutil asko ibiliko zen, urte batzuk geroago Solferinoko batailan zorte etsaiak itsu utzi zuen mutil haren moduan. Euskal mutil asko ibiliko zen Napoleonen kontrako altxamenduan ere, ez zutelako inondik ere nahi Napoleonek