Tandema

Proposamengilearen zaletasun txirrindularia ezagututa, tandem bizikleta baten itxura hartu diogu galderen egiturari. Ondo dator konparazioa lehendakariaren ametsa ilustratzeko ere: lehendakaria eta herritarrak, biak batera pedalei eragin eta eragin. Edo ez: kontsultaren eguna irits dadinean, herritarrek esan lezakete ez dietela pedalei eragingo hartu nahi den norabidean. Hala balitz, lehendakariak etxera itzultzeko emango omen lituzke azken pedal-kolpeak.

Bi galderei bueltak eman eta gero, ez gaituzte eskandalizatu. Ez dugu arroparik urratu, anatemarik bota. Demokraziak ezin badu horrelakorik jasan, demokraziarena da defizita.

Baina koska da kontsultak, egingo litzatekeen kasuan, ez lukeela eragin juridikorik izango. Koska da ezin dugula susmopetik apartatu maniobra horren guztiaren linimentu-usain elektorala. Eta koskarik kezkagarriena: ez lukeela konpondu nahi omen zuena konponduko.

OHARRAK (Post scriptum)

Hasieran, bi galderek bikiniaren figurara eraman ninduten, baina irudiak baldartu egiten zidan zutabea, eta bikiniaren bi piezek ez zidaten gero tandemak ematen zidan etekinik eskaintzen.

Nolanahi ere, ez nuen txirrindularitzarena gehiegi larrutu nahi, halakoetan konparazioaren gehiegiak esan nahi dena ito baitezake.

Sexu-biribilguneak

Irakurle, orain ere badunk zer ikasia, Emakundek aholkatu berri dink-eta hitanoaren erabileran femeninoaren eta maskulinoaren atzizkiak elkartzea. Eta ausardia ez akademiko horri beste bat ere erantsi behar zaionk: Emakundek autoritate ez akademiko baten zilegitasuna baliatu dink aholkua indartzeko:

Jabetza

Telebistaren aurrean dago, Phoenix zundaren irudi trukatuak ikusten Marteko zoruan pausatzen ari dela. Orain urte gutxi batzuk emozio bertsuz ikusi zuen Spirit trepetatxoa ere gauza bera egiten.

Baina bere arretaren atzean dagoen guztia ez baita jakin-min zientifikoak eragina, aspaldiko egunkari baten puskatxo bat atera du karpeta urdin maiztu batetik. 1949ko albiste bat da eta bertan dio James T. Mangan izeneko amerikar aberats batek espazio osoaren jabetza erregistratu duela notario baten aurrean.

Txantxa bat dirudi. Ez da. Espazioan beste zibilizaziorik balego, zer gerra ekarriko lukeen ilustratzen du. Kolonek Amerika deskubritu zuenean, konkistatu ere egin ez zuen ba, haren abizenetik kolonizatu aditza sortzerainoko kemenez?

Eta zierto daki Marten edo beste bazterren batean gu bezalakoak baleude, haiek ere konkistatu egingo genituzkeela eta unibertsoa kolonia bihurtu

Saltsa

Tripa-zorriak nola engainatu, zeregin horretara aplikatzen zuten gure arbasoek beren jakituria gastronomikoa. Mendeli-eta esker, panorama ikaragarri aldatu zen munduaren parte honetan. Horri esker, gaurko gastronomia puntakoena premien asetzea baino haratagoko saltsatan dabil, plazeraren alde guztiak (dastamenari dagozkionak eta estetikarenak) aztertuz, landuz, konbinatuz.

Dena zen sofistikazio eder, Santi Santamaria sukaldariak izar punta-puntakoenen su-zuloetako hautsak harrotu dituen arte: sukaldaritza berriak ikuskizuna lehenesten duela, eta ez nutrizioa, gastronomiaren funtsa.

Polemikarekin batera, Nazio Batuek plazaratu duten txosten baten berri izan dugu. Gure planetak denok asetzeko adina janari ematen badu ere, mila miloi goseti omen dago gure egoismoaren bazterretan; badago jana, bai, baina garestia da ezer ez daukatenentzat.

Albistea dastatu orduko, kaloria lizunen traza zerion polemikari.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabea idatzi nuenean

Orduarena

Kanpoan gaudenoi oso zaila egiten zaigu Euskal Herriko Unibertsitatean zer gertatzen ari den ulertzea, baina gure ezintasunaren kulpa ez da gurea bakarrik. Unibertsitatearen beraren egiturak gizartearekin komunikatzeko ezintasun ia berezkoa betikotzen du.

Unibertsitatea gizartearen erreferentzia garbia zen garaietan, erakunde akademikoak gizartea kritikatzeko eta gidatzeko ahalmena zuen. Bere eragina intelektuala baldin bazen ere, itzal horrek handia zuen proiekzioa. Baina aspaldi joanak baitira garaiok, nostalgia ez da motorerik egokiena aurrera begiratzeko: Unibertsitatean buruargi asko dago, inork ez du zalantzan jartzen, baina ez dago buruargien batura intelektualik. Ez dago, zentzurik zorrotzenean, unibertsitaterik.

Baina jakinik ere ez dela garai batekorik itzuliko: nago unibertsitateko erlojuak ez duela kaleko ordurik markatzen, ezta estamentu desberdinen arteko liskarren garaian ere.

OHARRAK (Psot scriptum)

Esanak esan, hona, hala ere, kezkagarriena: gaurko unibertsitateek, onenean, ikasleek beren ofiziorako behar duten ezagutza bermatzen dute, baina ez ezagutzarenganako maitasuna

Pragmatismoa

Herrialde europar bateko agintari bat beste bati xenofoboa deitzen. Ausarta zen salaketa, ezohikoa, ez baitira batere normalak estatuen arteko halako interferentziak. Ausarta izateaz gainera, bazen ederra ere: salaketarengatik berangatik, eta baita zuzentasuna hartzen zelako ere irizpide nagusitzat. Behingoagatik, giza eskubideak ziren garaile zuhurtasun politikoaren aurrean eta momentuko komenientziaren gainetik.

Laster hasi ziren, ordea, erreakzioak.

Aukera

Estatu Batuetako aseguru-polizen letra txikiak Jainkoa aipatzen omen du Acts of God (Jainkoaren ekintzak) izeneko klausula baten bidez. Zuk etxe bat aseguratzen baduzu eta estufa baten suak etxea kiskaltzen badizu, aseguru-etxea egingo da hondamendiaren kargu, gizakion deskuidu bati zor baitzaio istripua. Baina etxea erre dizuna tximista bat baldin bada, aseguru-etxeak eskuak garbitzen ditu, uholdeak edo lurrikarak bezala, tximista ere Jainkoak bidalia omen delako. Act of God bat, alegia.

Espainiar eta euskal politikagintza ohitu egin dira act of God horren gisako klausula bat olioztatzen, indar ezkutu kontrolaezin beti berari egotziz beren desadostasun eta deskalabru ezin zurituzkoak. Indarkeria jainkotzen dute, ordea, beren kalkulu eta ezintasun politikoak acts of ETA batzuen ondorio balira bezala aurkeztuz. Politika baldin bada bidea, ekin diezaiotela politikari: aukera polita dute gaur Moncloan.

OHARRAK (Post scriptum)

Montxoren gaurko marrazkian ageri den bezala, batek Hola! eta besteak Loiola! egingo omen dute. Behingoagatik, bat datoz aditu guztiak ere beren aurreikuspenetan. Ez omen da ezer aldatuko.