Aukera

Estatu Batuetako aseguru-polizen letra txikiak Jainkoa aipatzen omen du Acts of God (Jainkoaren ekintzak) izeneko klausula baten bidez. Zuk etxe bat aseguratzen baduzu eta estufa baten suak etxea kiskaltzen badizu, aseguru-etxea egingo da hondamendiaren kargu, gizakion deskuidu bati zor baitzaio istripua. Baina etxea erre dizuna tximista bat baldin bada, aseguru-etxeak eskuak garbitzen ditu, uholdeak edo lurrikarak bezala, tximista ere Jainkoak bidalia omen delako. Act of God bat, alegia.

Espainiar eta euskal politikagintza ohitu egin dira act of God horren gisako klausula bat olioztatzen, indar ezkutu kontrolaezin beti berari egotziz beren desadostasun eta deskalabru ezin zurituzkoak. Indarkeria jainkotzen dute, ordea, beren kalkulu eta ezintasun politikoak acts of ETA batzuen ondorio balira bezala aurkeztuz. Politika baldin bada bidea, ekin diezaiotela politikari: aukera polita dute gaur Moncloan.

OHARRAK (Post scriptum)

Montxoren gaurko marrazkian ageri den bezala, batek Hola! eta besteak Loiola! egingo omen dute. Behingoagatik, bat datoz aditu guztiak ere beren aurreikuspenetan. Ez omen da ezer aldatuko.

4 thoughts on “Aukera

  1. Herri honek, Euskal Herriak, esan nahi dut, nola edo hala, beti hegoak moztu dizkion norbait edo zerbait pairatu izan du. Antzinaroa borondatez ahaztuta, Erdi Aroan Nafarroako erregeak (Espainiakoak ez, ez baitzegoen horrelakorik) izan ziren, gero, Gaztelerrietakoak, geroago, Frantziako jakobinoak eta 1898az geroztiko nazionalista espainolak, gero Sabino Arana (gaurko putetxe askaezina asmatu zuena), gero Francoren diktadura eta azkenik, ETA eta gaurko politikoak.
    Nik, auzi honetan, gauza bat besterik ez dakit: ia 50 urte ditut eta ez dut bakerik ezagutu, eta nire semeek ere ez. Eta lotsa ematen dit (edo nazka, ez dakit) erantzutea, egoera ero honi buruz galdetzen didatenean.
    Ea, Act of God delako horren ondorioz bada ere, gure seme-alaben seme-alabek, bederen, bakea ezagutzen duten, zeren, dagoeneko, euskaldunok sobera ordaindu baitugu gizakion deskuiduen odoriozko hondamenengatik.

  2. Madrilen dagoeneko prestatua dute hurrengo urteetarako Euskal Herriarentzako plana. Zain daude hauteskundeak noiz helduko. Uste dute aurreko bozketatan adina boto lortuko dutela hemen eta Patxi Lopez lehendakaritzara helduko dela. Ni ziur nago hurrengo lehendakaria PSOEkoa izango dela, ez nahi dudalako noski, ez badugu zerbait egiten behintzat. Euskaldunon arteko borrokak eta ezin konponduak medio, helduko da Lopez lehendakaritzara. Madrilen oso ongi kalkulatuta dute zer egin. Hurrengo hilabeteetan hainbat ANV-ko zinegotzi sartuko dituzte kartzelan eta hurrengo pausua ANV legez kanpo uztea izango da, hauteskundeetara ez aurkezteko. Zer gertatuko da orduan? ANV-k abstentzioa eskatuko du, ondorioz 200.000 euskaldunen botorik ez da izango bozka-kutxetan.Abstentzio eskatze horren ondorioz PNVko bozkatzaile ASKO etxean geratuko da, piketeak egongo baitira bozka-lekuetan eta jendeak paso egiten du liskarren erdian egotearekin. Herri txikietan batik bat, denok ezagutzen garen hauetan. Abstentzioa oso handia izango da eta horregatik PSOEko erdalduna izango da hurrengo lehendakaria. Nik zera proposatzen dut: “ERABAKI” edo “Euskal Herria Bai” plataforma sortzea, alderdi politiko bat bezala, non euskal herritar guzti-guztiek eman ahal izango duten bere botoa. Plataforma politiko horren helburu bakar bakarra, erabakitze eskubidea izango da.Eta ez du inoren eta inongo moziorik eskatuko. Iesus Kristok esan zuen:”Errugabea denak bota dezala lehenengo harria”. Era horretan, eta soilik horretan egin ahal izango diogu aurka Madriletik datorren errepresioari. Mozio etikoak eta era horretako zirkoak, euskal herritarrak gure artean konpondu ez gaitezen bilatzen dute, besterik gabe. Hemendik, PNVri eskatzen diot bat egin dezala beste euskal alderdi guztiekin. Bakarrik jai dago, gero eta zailago baitauka. Batasunak ematen du indarra!Bizkaiko PNVko espainolistei ideologi gabekoei berriz, zera esan nahi diet: Utz dezatela alderdia eta are gehiago, euren interes pertsonalak. PNVra afiliatzea, interes pertsonaletarako soilik egin zuten horiei. Euskaldunok badugu zer nahi izan nahi dugun erabakitzeko eskubidea! Eskoziarrek eta beste mundutar askok duten bezala! Eta Espainiar konstituzioak galarazten badu, defizit demokratikoa daukalako da eta aldatu egin behar delako. Kemena! euskual seme-alabak!

  3. Oso ona “Jainkoaren zerak” horrena, baina nik, aukeran, gurago askoz barregarriagoa, bueno, irrigarriagoa den beste ekarpen yankee bat, beltza baina ez hain beltza, “family matters”, “hemen” (Espainian, jakina, non bestela?)”cosas de casa” bataiatu genuena.

    Intxaurrondokoa bezalako bataio-bainontzietan zertzen den elizkizuna dogma duen eliza edo sekta arriskutsuari ere izena paratu zioten noizbait, eta jarraitzaile sutsu eta batere ez-laiko asko dauka: demokraziaren eliza santu hutsezin betiereko ezin utzizko ahogozagarria, kontuizue “Demokrazia Euskal Herriarentzat” ere eskaka dabilela jendea, abere jendea, noski… algo tiene el agua, harako Lurpi hark zioenez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude