Tandema

Proposamengilearen zaletasun txirrindularia ezagututa, tandem bizikleta baten itxura hartu diogu galderen egiturari. Ondo dator konparazioa lehendakariaren ametsa ilustratzeko ere: lehendakaria eta herritarrak, biak batera pedalei eragin eta eragin. Edo ez: kontsultaren eguna irits dadinean, herritarrek esan lezakete ez dietela pedalei eragingo hartu nahi den norabidean. Hala balitz, lehendakariak etxera itzultzeko emango omen lituzke azken pedal-kolpeak.

Bi galderei bueltak eman eta gero, ez gaituzte eskandalizatu. Ez dugu arroparik urratu, anatemarik bota. Demokraziak ezin badu horrelakorik jasan, demokraziarena da defizita.

Baina koska da kontsultak, egingo litzatekeen kasuan, ez lukeela eragin juridikorik izango. Koska da ezin dugula susmopetik apartatu maniobra horren guztiaren linimentu-usain elektorala. Eta koskarik kezkagarriena: ez lukeela konpondu nahi omen zuena konponduko.

OHARRAK (Post scriptum)

Hasieran, bi galderek bikiniaren figurara eraman ninduten, baina irudiak baldartu egiten zidan zutabea, eta bikiniaren bi piezek ez zidaten gero tandemak ematen zidan etekinik eskaintzen.

Nolanahi ere, ez nuen txirrindularitzarena gehiegi larrutu nahi, halakoetan konparazioaren gehiegiak esan nahi dena ito baitezake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude