Itzuli da!

Hitler ere justifikatzen zuen elkarrizketa batean zioenez, gure garaiok ez bezala bizi izan omen zuen berak frankismoa: patxada osoz (con placidez, zioen) eta naturaltasunez. Horregatik, ez da batere harrigarri berak ezetz eta ezetz esatea Europako Legebiltzarrak Franco kondenatzeko egin zuen ahaleginari. Ez zegoela zertan sarturik iraganeko sasietan. (Hitlerrenganako miresmena, ordea, ez zuen, badaezpada, aipatu). Kontua da Europako eskuina konbentzitzea lortu zuela, eta Europako Legebiltzarrak Franco ez kondenatu izanaren loria zor zaio.

Balentria horren heroia, ordea, isilik zegoen aspaldian. Urruti. Amesgaiztoetan bakarrik agertzen zitzaigun, ez albistegietan. Egunotan, ordea, agertu da berriro, ohi duen eran agertu ere: konspiratzen.

Terrorismoaren kontrako matrakarekin dator berriro, nor?, eta frankismoko terrorismo patxadatsu naturalera pozik itzuliko gintuzkeena.

OHARRAK (Post scriptum)

Gorrotoa lege titulatu behar nuen zutabea

Gaizkile artistikoaren estrategia

Artista orok begiratzen du atzera, gure aurrekoek egindakoaren ispilua baita artearen alorren bat lantzen dugun guztion motore eta bazka. Horra tradizioa, nork bere komenientziako jantziak erosteko zaharki-denda tzar haustua; horra iragana, lerro bakar bat idazteko bisitatu beste erremediorik ez dugun saltoki denetarikoa, gure beharren neurriko trepetak eskaintzen dizkigun march

Fikzioa

Egiantza da fikzioaren zutabea. Egiantzik gabe, istorioak berehala egiten du porrot, eta zulatuta dagoen ontzi baten moduan hondoratzen da. Irakurleak kasu egingo badio, idazleak fikzioaren barne-arau guztiak bete behar ditu zorrotz-zorrotz: oilarrak noka egin behar dio oiloari, itsu batek ezin du ezer aurreikusi.

Vatikanoko Behategi astronomikoko zuzendariak esan berri du bateragarria dela Jainkoarengan eta estralurtarrengan sinestea:

Desengaina gaitezen

Desengaina gaitezen: ez da inor hiltzen herriaren onagatik, hiltzaileak herriaz duen ideia partikularragatik baizik. Bere buruan daukan ideiaren alde ari da hiltzailea. Bere buruaren alde, eta gainerakook ditugun bitartekoekin lortu ezin duena bortxatzeko, iraultzeko. Herriaz duen proiektuaren aldarean metatutako laginak dira bidean utzitako hilotzak. Politikoak izan nahi omen duten interbentzioak.

Parteak (beren proiektuak) totalitatea (herria) ordezkatu nahi du.

Herriaren orakulo gisa funtzionatzeko, ordea, ongia eta gaizkia manipulatu behar, ongiaren eta gaizkiaren arteko muga baita herria mobilizatzen duen bulka nagusia. Arriskutsua da oso muga hori. Eta lausotu beharrekoa. Horregatik, ahalegin bereiziak egiten dira gaizkiaren praktikak ongiaren itxura har dezan, transformismo deabrutu baten bidez.

Bitartean, enegarren gizaki bat ke eta hauts artean gorpu. Herioren zirkin huts.

Bizitzan behin

Guggenheim arazoen zurrunbilo betean dago oraintxe bertan, aski da egunkariak zabaltzea. Baditu, ordea, hedabideetan agertzen ez diren beste arazo batzuk. Endemikoagoak. Bere izareari berari eragiten diotenak. Bat aipatzekotan, ekar dezadan hona beste arazo askoren muinean dagoena: euskaldun gehienek Guggenheim onartzen badute ere, museora joaten diren ehun ikusletatik sei bakarrik omen dira euskaldunak.

Labur esanda: txalotzen dugu; ez gara joaten. Kontuan izanda maiztasun halako batez aldatzen dutela bertako programazioa, museoak Bilbori ekarri dion onura eta eraikina bera aupatzen ditugu; museoaren egitekoek eta helburuak, ordea, ez gaituzte neurri berean irabazi.

Abentura

Zapaterok esan berri du euskaldunok ez dugula abenturarik nahi. Ez baitaukat gobernuburuak esandakoa egia den ziurtatzeko modurik, eskura dudan metodo zehatz zuhurrena baliatu dut sozialisten buruzagiak dioena aztertzeko: hiztegien lekukotza.

Lehendabiziko sorpresa: Xuxenek ez dit abentura gorriz azpimarratu. Sarasolak ere abentura gisa ematen du aventura gaztelaniazkoa. Baina adostasuna ez da erabatekoa: hiztegi zaharretan ez da abentura hitza agertzen; Elhuyar hiztegi modernoan, aldiz, abentura hitzak mentura hitzera bidali nau, eta han ikusi dudanez, mentura hitzak lau adiera ditu: arriskua, halabeharra, aukera eta poza. Lau adierotatik Zapaterok zein zerabilen, kontu jakina da. Baina adierak adiera: arriskurik hartu gabe, konponbideak halabeharraren atzaparretan segituko du, aukerak baliatu gabe eta denok espero dugun poza itsutuz.

Betiko menturaren menturan menturaturik, alegia.

OHARRAK (Post scriptum)

Kolonbian izan naizen bitarteko zutabeak ez ditut oraindik hemen pausatu. Ea pixkana-pixkana beta hartzen dudan.