Lau egunetako oporralditxo bat, herriko jaietatik ihes, eta bilatu gabeko pagotxa bada ere, baita bihar Gasteizen izango den bilkuraren zurrunbiloetatik urruti ere.
Udako arropa sartu dut poltsan. Eramango dut jertserik, zamarrarik, euritakorik? Aspirinak eramateak ez dit kalterik egingo. Sartu ditut bihotzerrearen kontrako pastillak ere. Zailena dator segidan: zein liburu sartu? Handia da erantzukizuna, aisiaren arrakasta, neurri batean behintzat, horren baitan baitago. Lagun batek pasatu didan bere azken lanaren zirriborroa sartu dut lehendabizi. Poesia, saioa eta narrazioa eramango ditut, genero bakar batek ez baitu egunetako apeta asetzen. Baina genero bakoitzetik zein?
Bat sartu eta bestea atera ibili naiz, noan tokian ez baitut berririk erosteko aukera handirik izango, eta, halako batean, ez oso konbentzituta, poltsa itxi dut, burutik kendu ezinik bidaia-poltsa bat betetzea dela bizitza ere.