Deus ex machina

Greziarren teatroan, auziren batek ez bazuen konponbiderik, garabi handi batek jainko bat ateratzen zuen eszenara, aktoreek ezin zutena jainkoak konpon zezan. Western askotan, zuri gaixoak indio guztiz krudelen hatzaparretan erortzeko zorian zeudlarik, yankien zazpigarren zalditeriaren turutak entzuten ziren estreina, tarari-tarari!, eta inork deitu ez zuen zalditeria bera agertzen zen txuri gaixoak salbatzera, bide batez indio ankerren artean sarraskiak eta bi eginez. Antzerkigileek-eta Deus ex Machina (Jainkoa makinak sortua) deitzen diogu auzi jakin bati azken momentuko soluziobide faltsua emate horri.

Hogeita zazpi kilometroko partikulen azeleragailu erraldoi bat jarri dute abian Ginebran, eta, besteak beste, jainkoa deitu dioten zulo beltza ere sor omen dezake.

Ederra behar du materiaren hasieran giza makina batek jainkoa sortze horrek: zirkulua itxiko du, auziaren faltsua zurituko.

OHARRAK (Post scriptum)

Beti dator burura, egoskor, euskarazko deus eta latinezkoa ekartzeko tentaldi inozoa, baina txiste batek lehendabiziko kolpean funtzionatzen du. Hori, onenean. Bigarren aldiz esandakoan, ez: bo, txiste hori zaharra duk, motel!.

4 thoughts on “Deus ex machina

  1. Guztiz interesgarria iruditzen zait partikulen azeleragailu delako hau gure unibertsoaren sorreraren harrapaezinezko lehenengo momentua lortzeko. Hori dela eta, orain arte eskuturik zeuden kosmoseko hainbat misterio ageri-agerian (argitan) geratugo omen zaigu. Nire ezjakintasunak bultzaturik galderatxo bat egingo dut: partikulak eta hauek azeleratzeko indar izugarriak unibertsoaren sorreraren lehenagokoak baldin badira zer sorrera arraio arakatzen ari gara? Ez al dira jakintsuak konturatzen ikerkuntza ikaragarri hau errusiar panpina bezala bilaka dakiekela ad infinitum?

  2. Ondo diozu: ad infinitum. Baina bidea bera omen da inportantea, eta bidean argi daitezkeen misterioak. Itaka bera bainoago, Itakarako bideak dira gizakionak

  3. seguru konturatzen direla, jaime, baina hori ez da arrazoia ikerkuntza bertan behera lagatzeko… azken finean guk ere garbitzen ditugu hortzak gabero-gabero, biharamunean berriz garbitzea tokatu zaigula badakigu ere, amaierarik gabeko segidan (heriotza salbu).

    Irudi memeloa apika, baina neri oso erreala begitantzen zait: Zientziarik egingo ezbagenu, ebatzitako zergatien zergati berriak ebazten ahaleginduko ezbagina, guri ere zerbait lohia eta ezatsegina metatuko litzaigukeen sentsazioa daukot. Ez dakit non metatu… esan arima kolektiboan, agian?

  4. Bai, bat nator Anjelek eta Arabarrak esandakoarekin baina, halaere, galdetzen diot nire buruari, gizakien penak eta nekeak kosmoseko sekretuak aurkitzeko barne-barneko irrika honek ez al du erakusten gizakiok ez dugula geure buruaren kokapena topatzen amaiezinezko unibertso honetan, inurriak, krokodiloak, orkideak, haritzak, mendiak, astroak edota nebulosak ez bezala? Denbora gabeko beste nonbaitetik etorriak izango bagina bezala?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude