Tipularena

Nongotasunak ere tipula baten kapen forma du, txikitako koadernoetan bezala: mundua, kontinentea, nazioa, probintzia, herria, etxea. Orio sailkatzeak poztu egin nau, Zarautz kanporatu izanak ilundu, baina poz-pena horiek nire tipulatxoaren kapetako bati dagozkio.

Atzoko berripaper honek bazekarren, traineruenez gain, beste ontzi baten irudi deigarri bat: txalupa batean lau pertsona Txilen izandako uholdeek ibai bihurtutako kale batean. Atzo, halaber, beste kaiuko baten irudiak ikusi genituen telebistan, itsasoan hamaika hildako utzi eta gero

Plast eta plast!

Olatu txikiak, haizeteak itsas gainari lapurtutako olatu etengabeak, olatu setatsuak ahul itxurako dike bat kolpatzen. Plast, eta ur-txorta batzuk erortzen dira dikearen beste aldera. Plast, plast, eta ur parrasta ederra. Plast-plast atergabea indartzen bada, dikeak eutsiko dio? Itsasoak gora egiten badu, zer ez da gertatuko dikearen beste aldean?

Erakargarriak zaizkit telebistako irudiok, intriga dute. Intrigazko erakarmen horrek, ordea, aurrekariak ditu: Louisianako biztanleen exodo masiboa, orain hiru urteko Katrina urakanaren indarra, orduko tragedia hura errepikatzeko arriskua, horiek guztiek bazkatzen didate intriga.

Baina baita oroitzapen askoz zaharrago batek ere: ibaia plast eta plast ari da Orioko moila zaharraren kontra; haurrok ura xaxatzen ari gara, ale, ale, ale!, heldu jendea inguruko soto eta ezkaratza guztiak itsutzen ari den bitartean oholekin, adreiluekin, blokeekin

Badaezpadakoak

Etxe guztietan izaten dira arropa maiztuak eta trepeta zaharrak. Zahartu ahala, gehienak bota egiten dira. Ez digute ezertarako balio. Baina badira zer gerta ere pilatzen direnak, bota ordez bazterren batean gordetzen ditugunak.

Badaezpadakoak deitzen diegu geurean.

Egunen batean on-aurkiak ekarriko dizkigutelakoan jasotzen ditugu, baina denborak aurrera egin ahala, badaezpadako gehienek dezepzionatu egiten gaituzte: ez zaie erantsi etorkizunerako suposatzen genien baliorik, eta, makurragoa dena, ez dute balio ezta nostalgia bera bazkatzeko ere. Horretaz jabeturik, bigarren prozesu bati ekiten diogu, asko kostata ekin ere: ganbara husten hasten gara eta zaborrontzia gainezkatzen.

Nik gorde nuen ba hau!, esaten dugu, harriturik, geure golkorako.

Oporrak bukatu dira, baina atzera begira segitzen dugu oraindik, oroitzapen arruntenei ere badaezpadakoen kategoria eman nahi antzuan.

OHARRAK (Post scriptum)

Bai: denborak zaborra bihurtzen du badaezpadako guztiz gehiena, baina horretaz jabetzeko ezinbestekoa da denborak bere lana egitea, denborari denbora ematea. Kontua da badaezpadakoak zahartzen badira gu ere zahartu garelako izaten dela. Gu ere zahartzen joan gara badaezpada gordetakoekin batera, eta badaezpadakoek balioa galtzen badute, guri haienganako interesa zahartu zaigulako izaten da. Zehatzago esateko: nostalgiaren dohaina galdu dugulako galtzen dute badaezpadakoek beren indar iradokitzailea.

Zer egin? Badaezpadako gutxi baina onak gorde behar ditugu, denborari irabaziko diotenak bakarrik? Nola jakin, ordea, guk aukeratutakoak direla onak?