Piztuerak

Jainkoa hil da! Bukatu da historia! Marxismoa, kaput! Globalizazioak estatu modernoa irentsi du!

Aldian-aldian, goi-goiko kontzeptu orotariko horietariko baten heriotza iragartzen digute aho betez eta modu txit hanpatuan. Eta heriotzon albisteak abiada eta indar sekulakoa hartzen baitu, horiek guztiak hilda baleude bezala bizitzera ohitzen dira berripaperak, liburuak, pentsamendua, gure bihotzak.

Jainkoa hilko zen, ez dakit, baina munduak Jainkoaren izena erabiltzen du ahotan, oso gutxitan alferrik eta etekinik gabe. Historia bukatu dela esaten duguntxook gure gaurko eta biharko historia guk geuk idatzi beharraz ari gara. Reinahard Marx Municheko gotzainak argitaratu berri du Kapitala liburua marxismoaren hainbat alderen gaurkotasuna eta onura errebindikatuz. Begiratu, begiratu estatu modernoak, mediku jantzian, globalizazioak itotakoari oxigenoa ematen

K.

Marka da gero! Elkartutako kutxek korporazioaren logotipo bat aukeratu nahi, eta K.! Puntu eta guzti dator, gainera, asmoa argiago uzteko-edo.

K., edo Kafka, kontraesana eta kaosa kontatu zizkigunari eskainitako keinu konplizea. K., edo kondizio kafkiarretan kateatuta dabilen Kafkaren Gaztelua eta Prozesua kontakizunetako kaletarra. K., edo kulparen eta kondenaren karga konkorrean daraman gizaki karkaila. K., edo kargu eta kontseilari ikusezinek kementsu kontrolatzen eta juzkatzen duten biktima koitadua. K., edo kapitalak kudeatzen duen kontabilitatearen krediturik eta konfiantzarik sekula katigatzen ez duen koko errukarria. K., edo kontzientziaren koherentzia kuestionatzea beste etekin produktiborik eskaintzen ez duen kikila. K., edo konformismoaren konjurak bakardade gogaikarriaren katera kondenatutako kaletar komuna. K., edo kotizazioen sukarrak alienatutako gizaki mozkinik gabea.

K..

Marka da, bai.

OHARRAK (Post scriptum)

Ea eta ea

Alderdi politikoa sortu aurretik, Ea ibai eta herri baten izena zen euskaldunontzat. Bazen adore emateko dei bat ere: Ea, hi, eutsi goiari! Edo partikula bat galdera edo desira adierazteko hainbat esaldi txertatutan: Ea ausartuko garen jakin nahi du. Larramendik ea eta ea espresioa dakar oso azkar adierazteko: ea eta ea dabiltza horiek. Ea bazen bertsolari kaskarrak estuasunetatik ateratzen zituen errima erraz bat ere.

Garaikoetxeak izen bereko alderdi politikoa sortu zuenetik, ordea, bi bokal horien entzuteak politikara garamatza lehen kolpean. Eta egunotan, negua hurbil delarik eta basoan bakarrik ibiltzeko sasoi galgarriena, datorren hauteskundeetan bakarrik parte hartzea erabaki dute. Gipuzkoako alderdikideek, ordea, diote ez dutela beraiekin hitz egin.

E eta a ibiltzea ez dirudi mezurik egokiena hauteskundeei aurre egiteko, nahiz Ez nau izutzen negu hurbilak kantua ereserkitzat hartu.

Instantzia

Jabeturik ere EAEko erakunde gehienak orain hogeita bost urte sortu zirela; onarturik ere usadio on osasuntsua dela hain urteurren goratsua zilarrezko eztei batzuekin ospatzea; aintzat harturik ere bertako buruzagi zein langileek duten parrandatxo bat botatzeko eskubidea; ontzat emanik ere ospakizun festetarako diru poxin bat destinatzea denon zakutik; ametiturik ere krisia eta ospakizun gastuak zaku berean sartzea demagogo maltzurren joko zikina izan daitekeela,

erabaki dugu urrezko ezteiak ospatzeko zorian dauden erakundeak kontatzea, baina ikusirik Osakidetza edo Euskal Telebista bezalako erakundeak ia konta ezinak direla orain hogeita bost urte sortuak,

sujeritzen dugu trantze horretan dauden erakundeek denek batera antola ditzatela ospakizunok, bakoitzak bere aldetik jokatu, kostuak handitu eta propaganda hainbeste hauspotu ordez.

Krisiaren urtean eta errespetu osoz, zilarrezko eztei on.

Formatuak

Hitchcocken Gortina urratua espia-filmak suspense-une gogoangarri asko ditu. Haietako bat, opera kantariak deskubritu uste duenean itsasontzi bateko garabitik porturatutako kargamentuan Paul Newman ezkutatu dela

Zilbor hestea

Interneten orduak eta orduak egiten dituen neska-mutiko batek zer arraio egiten du eskolan, orduak eta orduak irakasle txit hiztun eta arbel txit beltz bati begira? Sarea etxeko sukaldea bezain familiarra duen bati zer eskaintzen diote hedabide tradizionalek, kultura-forma ohikoek? Gure gazteek sarean ikasi dute beren berri ematen, sarean komunikatzen dira besteekin, sarea dute munduaren eta beren arteko zilbor-heste: eskola eta kultura tradizionalak ez dira jada ikasteko eta elikatzeko areto bakarrak, eta ikasleak orotariko informazio-iturrietara iristeko autonomia du, inoiz izan ez duen independentzia baten jabe da eskolaren eta kultura tradizionalaren aurrean.

Irakurtzeko eta idazteko moduak aldatzen ari dira. Munduari begiratzeko erak era aldatzen doaz. Sareko guztia ez dela on? Hori esate hutsa iragana da jada: sareko on guztia aprobetxatzen jakitea, aldiz, oinek oraina ibiltzeko modua.

OHARRAK (Post scriptum)

Zertara dator zutabe hau orain?, galde dezake irakurleak. Zutabeari pertxa falta zaio. Aktualitatearekin lotura. Obamak bere kanpainan Internet erabaili izana nuen gogoan. Gogoan nuen Miguel Castells aditu zibernetikoak oraintsu esan dituenak ere Interneti buruz. Zutabe batean ezin dira, ordua, horiek guztiak aipatu, kontu jakina da, baina desenkusak desenkusa: zutabeari pertxa bat falta zaio. Agian, tituluak konpon zezakeen hori. Obama aipatze hutsarekin (Obamaren garaipena, Obamak klik, Obamaren kanpaina

Mila basoerdi

David Sinclair biologo molekular entzutetsuak, ardo beltzaren osagarri onuragarriak aztertu ondoren, mila basoerdiren neurriko onura bilduko lukeen pastilla bat kaleratzeko asmoa du.

Ez da protestarik izan.

Badakigu ardoa, neurrian, oso ona dela urte asko bizitzeko. Badakigu, halaber, mila basoerdik neurri guztiak itotzen dituztela. Baina kalkuluak egin ditugu: mila basoerdi horiek urte guztian zehar banatuz gero, eguneko hiru basoerdi inguruko neurria daukagu. Hor nonbait dabil mediku txit txorrotxek jartzen diguten muga. Zertara dator orduan trago bakarrean eta segundo eskasean hartutako pastilla batekin urte guztiko mila basoerdik emandako plazera, lagunartea, solasa eta gure idiosinkrasia etno-txikitero txit txalotua guztiz hondoratzeko ahalegin hori?

Pastillak izango ditu bere onurak, baina ez gaitezen engaina: urte osoko mila basoerdiren mundu zuri-beltza ez da pastilla bakar batean kabitzen.

Misterio gehiegi

Hasieran, euforia guztizkoa ekarri zuen aurkikundeak. Gero, zalantzaren harra agertu zen: eztabaidatxoak ere izan ziren aurkikundeen benetakotasunaren gainean. Segidan, zuhurtasunaren izenean, isiltasun erabatekoa egin zen, eta dagoeneko bi urte pasatu dira. Esan beharrekoak esatea gero eta gehiago atzeratu, orduan eta handiagoak izan litezke kalteak.

Ez da astebete aurre-historiako katedradun bat ikusi dugula Euskal Herriko periodiko salduenean den-dena txantxa bat edo iruzur bat izan dela argudiatuz nahiko zuzen eta gordin. Salaketa larria zen oso. Nik dakidala, ez da erreakzio publikorik izan.

Iru