Umilazioa

Ez da erraza zehazten gurea bezalako herri batek non hartzen duen irauteko indarra. Irakurleari motibo asko etorriko zaizkio burura, eta motibo horien artean, herri gisa irauteko gogoarekin lotuta, historiarekin eta politikarekin zerikusia duten egoerak izango dira burura etortzen zaizkion lehenak, nagusiak.

Eta horien atzeko sentimenduak? Biktimistatzat gauzkate, gehiegi miazkatzen omen ditugu gure zauriak, zertarako?, eta errenta politak ateratzeko egiten omen dizkiguten jukutriei. Kexu bakoitza, protesta oro biktimismo mozkin zale baten ondorioa da, nonbait.

Badago, ordea, biktimismoa baino haragoko sentimendu bat herri honen historia zipriztintzen duena: umilazioarena. Beste askotan bezala, atzo ere umiliatuak sentitu ginen ikusitakoarekin.

Eta umilazioak oso arrasto iraunkorrak uzten dituenez memorian, susmatzen hasita nago nondik ateratzen dugun, onerako eta txarrerako, kemena. Edo kemenaren parte bat.

2 thoughts on “Umilazioa

  1. Antton Valverde ez da emanaldietan kantuen aurretik azalpenak ematearen oso zalea. Baina atzo haren emanaldi baten grabazioa eman zuten ETBn, eta han ikusi nuen “Doinu zahar bat” kanta aurkezten.

    Elkarrizketetan-eta zergatik kantatzen duen galdetzen diotenean, ez dakiela zer erantzun, baina kantu hau, “Doinu zahar bat”, galdera horrentzat erantzun egokia izan daitekeela esan zuen Valverdek, gaizki ulertu ez banion.

    Bitoriano Gandiagaren “Hiru gizon bakarka” liburuko poema bat eskaintzen du, musikaturik, “Doinu zahar bat” kantuak. Niri poema eta kantua ekarri dizkit gogora Anduren artikuluak.

    Hau da poema:

    Doinu zahar baten inguruz dator
    euskal kantuen mezua
    hitz eta doinu bi-biak dute
    osatzen gure salmua
    herri-kantuen aide artean
    ikusi nuen mundua
    ipuiak ziren edo kondaira
    edo-ta frutu santua?
    haien oiartzun eraginzalez
    erein zidaten barrua.

    Geroztik erne ta hazi zitzaidan
    lore gorri bat ariman
    hemen daramat hemen bizi dut
    irtetzen zaidan kantuan
    gerrako garrek ez zuten erre
    Gernika kixkarratuan *
    izotzak arren gordinik dago
    ondoko giro nahastuan
    gogorragoa giroa-eta
    gorriagoa orduan

    * kantuan (zentsura saihesteko?): “zelai kixkarratuetan”.

  2. umilazioa? ala amorrua? biak oso bide estutik loturik doaz eta? . xabier leteren bertsoak gogoratuz ,langile baten seme kantan bertso batean dion modura “nahiz muturreko galanki jaso bueltan ezin eman”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude