Oinordetzan

Ganbara zahar batetik hartutako paper-mutur ziztrin bat eman zioten behin ikasle buruargi bati. Mutikoa hasita zegoen latinaren eta grezieraren sekretu nagusiak sakon ezagutzen, eta ez zion begirada hotz hantuste bat beste deus eskaini paper-mutur apalari. Bat-batean, ordea, begiak laztu zitzaizkion: ahitzen ari ziren bere hizkuntza eta bere mundua zeuden paper-mutur hartan! Auzoz auzo, baserriz baserri, ganbaraz ganbara, kutxaz kutxa, sutondoz sutondo hasi zen gaztea, mundu erdi galdu hartako oihartzun eta paper-klase oro biltzeko zoroak emanda. Bizitza osoko lana hartu zuen mundu hartako oihartzun ia galduak berriro hauspotzen, eta mendi-kaietako, baserritarren eta marinelen, bake garaietako eta gerra latzetako, emigranteen eta bertan gelditutakoen poz-oinazeen doinuak eta errimak biltzen.

Bizitza osoa herri baten mapa hauspotzen aritu eta gero, labirinto bizigarriagoa utzi digu oinordetzan.

OHARRAK (Post scriptum)

Borgesen testu batek inspiratua da Antonio Zavalari eskainitako gaurko zutabea:

Logikarekin musean

Logikarekin musean

Nondik begiratzen zaion, ditxosozko krisia txalotu beharko genuke. Begiratu, bestela, atzoko berripaperek gehien azpimarratzen zuten albisteetako bati: ehuneko hogeita zortzia urritu da autoen salmenta. Atzoko beste albiste batek ere ematen digu krisia txalotzeko beste argumentu bat: askoz ere hildako gutxiago izan omen zen iaz euskal errepideetan.

Ez gaitezen, ordea, engaina, egunotako hedabideek bazekarten-eta logika ekonomikoari zorrotz lotutako hirugarren albiste bat ere: erregaiak merkatu arren, garraio publikoa igo egin da (edo nabarmen gora egingo du laster). Hiru datuok gurutzatuko bagenitu musean ariko bagina bezala, eta ekonomia nahasiko bagenu errepideetako segurtasunarekin eta garraio publikoarekin, garbi aterako litzaiguke ekonomiak beti duela hogeita hamaika eskutik, eta ez dagoela gure kontraesanei adore garbi batez aurre egingo dien politika sozialik.

OHARRAK (post scriptum

Ostiralean idatzitako zutabea da (ostiralez bina zutabe bidaltzen ditugu, Berriako kazetarien asteburuko lana arintze aldera), eta artean ez neukan Antonio Zavalaren heriotzaren berri. Nerabezaroan (hamabost bat urte nituela) erositako Auspoako liburu bat zabaldu dut. Bitoriano Iraolaren Oroitzak eta beste ipui asko. Hitzak eta hitzak azpimarratuta dauzkat Aldian behin, in margine, oharren bat nire orduko letrarekin. Auspoa liburuekin alfabetatu nintzen ni. Ez da zor makala.