Kaka esplikatzen

Ez da beste konturik entzuten, korroka eragiterainoko langabeziaren gorakada da mintzagai nonahiko bazterretan: hondoak ez duela amaierarik, inork ez dakiela nola irten kakatzatik. Eta hainbeste lantu eta hipen artean, oilar baten kukurrukua entzun da: Aznarrek badaki zein neurri hartu krisiari, nola irten zulotik; berak badaki nola atera ekonomia kakatzatik.

Ez omen daki ezer ekonomiaz, eta ausardi harroputza salatu zaio.

Ez nator bat Espainiako presidente ohiaren hitzekin eskandalizatu direnekin. Ekonomiaz deus ez jakitea ez da hain larria ere: hutsaren hurrengo puntaren muturrean dago ekonomiaz dakidantxoa, baina krisiaren definizioan ere harekin batere bat ez gatozen guztiok ezagutzen ditugu Aznarrek hartuko lituzkeen neurriak, guk ere badakigu kapitalaren aldekoak izango liratekeela krisitik irteteko haren formula magiko guztiak.

Bere lagun neo-liberalek obratutako kakatza ongarria dela uste du Aznarrek.

OHARRAK (Post scriptum)

Halaxe du izena Juan Luis Zabalaren liburu batek, eta bizitza esplikatu nahiari (ordu txikietako jardun existentzialari, batez ere) deitzen zaio horrela: hor aritu zaidak gau osoan kaka esplikatzen.

2 thoughts on “Kaka esplikatzen

  1. Diotenez, Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeko jokalari batek (Kukuherri bailarako Uantxo baserriko Lizarazu-k zehazki) erabili omen zuen estreinakoz “kaka esplikatzen” esaldia, duela 30 bat urte edo gehiago, entrenatzaile berri batek arbelean emandako azalpenak entzun eta gero. Uantxoren ustez, “kaka esplikatzen” jardun zuen entrenatzaileak.

  2. Zer espero, bestela, Aznar bezalako kakaontzi ahobero batengandik?. Politikariak ez ote dira oso estimatuak geurean baina halako adibideekin iritzia aldatzea espero badute, jai jai!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude