Lau hipotesi

Zelaya margaritaren hostoak kontsultatzen ari den bitartean, (sartuko naiz nire aberrian, ez naiz sartuko?), Honduraseko kioskoetan ez omen da ia periodikorik ikusten, hala entzun nion atzo irratiari, baina esataria beste albiste batera pasatu baitzen, hor utzi ninduen periodikoekin gertatzen ari ote denari buruzko hipotesiei bueltaka.

Bururatu zaidan lehendabiziko hipotesia (baina gertagaitzena): hiritarrek, krisi politikoarekin kezkatuta, kioskora iritsi ahala erosten dituzte periodikoak. Bigarrena (militarrak goiz-goizetik lanean jartzen dituena): periodikoak kioskoetara iritsi ahala, militarrek pakete guztiak erretiratzen dituzte. Hirugarrena (bigarrenaren aldagaia, lan gutxiago ematen duena): periodikoak ez dira kioskoetara iristen militarrek ezarritako zentsuragatik. Laugarrena (ironikoena): periodiko-jabeek hobe dutela isilik erabaki dute, nork irabazten duen ikusi arte

2 thoughts on “Lau hipotesi

  1. Zelayak aukera galdu zuen hegazkinez lurrartzen saiatu eta huts egin zuen hartan. Hori izan zen, nere ustez, duintasunez itzultzeko bere aukera bakarra. Bizitzan batzuetan arriskatu behar da abagunea aprobetxatzeko.
    Hobe espetxean presidente izan, kanpoan ezer izan baino. Orain galdutzat eman ahal du bere burua presidente ohiak. Titulu hori izango baitu hemendik aurrera: “ohia”.
    Hego Amerikako militarrak inoiz ez dira txantxetan ibiltzen, naiz eta zirkoko pailazo izena eduki. Tonetti edo Micheletti edo dena delako horrekin txantxa gutxi.

  2. Egunkari ausart, bipil eta zangarrak izan daitezke, albisteak beren gordintasunean ematera bermatzen direnak. Boteretsuen indar gaiztoak gorabehera Egiaren alde lan egiten dutenak …

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude