Haizetea

Oscar Magik, Google-ren kontrako erabakia hartu duen Italiako epaileak, ematen du ateak jarri nahi dizkiola haizeari. Zorionez, ordea, ez ditugu oraindik haize guztiak ezagutu, txistu guztiak entzun. Ezin zaizkio ateak jarri haizeari. Gu joango gara, eta haizeak jotzen segituko du. Bizitza da. Ez, ezin zaizkio ateak jarri ez haizeari, ez bizitzari.

Polemika sortu du epailearen erabakiak. Egia esan, sarea abian jarri zenetik dabilen auzia da: nork berma dezake askatasunaren eta kontrolaren arteko oreka? Baina polemikak polemika, epailearen hitz eder batzuek piztu dute nire arreta:

Gordean

Trenak puntuan eraman nau Donostiaraino, baina denboraz urri nabil bilera-lekura iristeko. Taxi bakarra dago geltokian. Hurbildu naiz atzetik. Gidaria barruan dago, burua gida gainera makurtuta. Alboraino iritsi naiz. Ez da nire presentziaz ohartu. Liburu lodi samar bat du gidaren gainean. Begiak ia liburuan sartuta, letrak begiekin jaten ari dela esan liteke. Orri bat pasatu du, irakurtzen segitu du.

Presa dut, honezkero kontu segurua da berandu iritsiko naizela bilerara, baina ez nuke gidaria bere baitako bakartzetik atera nahi. Ez dakit zer irakurtzen ari den, zein hizkuntzatan. Kristalean jo, taxia hartu eta misterioa argituko nuke. Baina misterioak ez al dira misterio, xarma gordean dutelako?

Berandu iritsi naiz bilerara, ez dakit zein zen liburua. Baina beste misterio batekin ere uzten zaitut, irakurle: ez dakizu taxi-gidaria gizonezkoa ala emakumezkoa zen, euskararen genero-marka lausoari esker.

OHARRA (Post scriptum)

Beste ikuspegi batetik ere begira diezaiokegu kontatzen dudanari: taxi-gidaria etorritakoan zer datorkigu lehendabizi burura, gizonezkoa ala emakumezkoa? Eta irakurle hitza etorrita? Bien arteko zeinek irabazten du taxi-gidari irakurlea irudikatzerakoan?

Metaforak

Metaforak arriskutsuak dira. Metaforek zuria belzteko bezala balio dute beltza zuritzeko ere. Metafora batek ezin ditu errealitatearen ertz guztiak harrapatu. Metaforek, funtzionatuko badute, metaforagilearen eta jasotzailearen arteko onarpen eta konplizitate minimoa behar dute.

Demagun Euskadi oasi bat da esaldia. Zer da, deskribapen zorrotz zehatza, esaldia bota duenaren pertzepzio itsu hutsa, eguzkiak eragindako ispilatze zorabiatua? Oasiarena entzunda, zer pentsatuko du gurutze-bide askotarikoa bizitzen ari den hainbeste herritarrek? Zer dio metaforak bere osoan, Euskadi oasia bada, inguru guztiak

Hatza xut

Zirkunstantzia bertsuetan kritikak ere berdintsua behar luke, hurbiltasunen edo sinpatien edo interesen gainetik juzkatu beharko genituzke gertakariak, hala eskatzen du koherentziak. Ezin esan, ordea, koherentzia dugunik bertuterik landuena: protagonistaren araberakoak izan ohi dira gure juzkuak.

Horren adibiderik aratzena, egunotako hedabideek erakutsitakoa Aznarren hatzaren altxamenduarekin

Malkotan

Aberatsek ere negar egiten dute, hala esan ziguten orain urte dezente hegoaldean geneukan telebista bakarreko telesail arrakastatsu batetik. Eta gu negar malkotan solidarizatu ginen aberatsen malkoekin, terapia oro berdintzailea izan zen aberatsek ere sufritu egiten dutela deskubritzea. Aberatsen malkoak eta gureak berdindurik, espero ez genuen mutur batetik etorri zitzaigun iraultza soziala: sufrimenduarenetik. Herri jakituria oker ote zebilen ere pentsatu genuen: askoren mina ez ote zen tontoen grina, justizia baizik behingoagatik.

Jakin berri dugu, ordea, iraultzaren kontrako propaganda gaiztoa izan zela hura guztia. Britainiar osasun zerbitzuek deskubritu dute konplota: aberatsak pobreak baino dezentez luzeago eta osasuntsuago bizi dira; aberatsen baliabide ekonomiko berekin, pobre batek zazpi urte gehiago bizitzeko aukera omen luke.

Aberatsek ere negar egiten dute, bai. Baina krokodiloen antzera.

Argazki bila

Literaturaz mintzatzerakoan, idazleez jarduten dugu, bakanetan irakurleez. Baina irakurlerik gabe ez dago literaturarik, irakurleekin batera egin dugu aurrera idazleok eta literaturak.

Orain egun batzuk, Ander Iturriotzek, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berriak, berripaper honetantxe:

In absentia

Argumentu asko erabili da Ezker Abertzaleak plazaratu berri duen dokumentuaren kontra, eta gehien aireratu diren arrazoibideetatik, ETAri buruzko erreferentzia faltarena da erabiliena. Eta horren ondorioz, ausardia falta ere egotzi zaie, bigarrena lehendabizikoaren ondorio balitz bezala.

Dokumentu guztian ageri da, ordea, ETA. In absentia, baina testu osoan dago haren itzala, lerroz lerro, ideiaz ideia, proposamenez proposamen. Bide demokratikoen aldeko apustua egiterakoan, Mitchell doktrina onartzerakoan, erakundeak aintzat hartzerakoan, etapa baten amaiera aldarrikatu dute. Bide berrien aldarrikapenak bide zaharren abandonua esan nahi du, hori dio testuak bertan esandakoa irakurri nahi duenarentzat.

Ezin da testu bat osorik interpretatu teorikoek intentio auctoris deitzen dutena aintzat hartu gabe. Eta nago in absentiako ETA horrek uste dugun baino gehiago esaten duela testuen egileen intentzioaz.

Giroa pozoi

Medicis-tarren gortean aiztoak zorrozten zituzten, edabe pozoituak maneiatzen, segada traidoreenak prestatzen: senideen, hurbilekoen, ezagunen arteko botere-gose, inbidia eta ezinikusiek eragindako aizto, edabe eta segadak ziren.

Armak aldatu dira, aldatuko zen traizioetarako dotorezia sibilinoa ere, baina gorte Madrilekoak Medicistarren giro hura dakar gogora. Hor dabiltza ezkertiar eta antifrankistak omen diren juristak kolore bereko juristen kontra, diktaduraren terrorismoa sekula kondenatuko ez duen talde batek markatutako bidetik, eta, de facto, frankismoaren kontrako iniziatibak desaktibatuz. Medicis-tarren jauregi eta gazteluetan ikasiak direla ematen dute presidente damak eta alkateak: orduko haiek bezain ondo heziak agertzen dira publikoan, haiek bezala banatzen dituzte aiztokadak atzetik. Berdintsu dihardute politikagintzaren bi buruzagiek ere

Balantzan

Aldian behin (gero eta sarriago) sarearen arriskuak seinalatzen dizkigute. Maiz, gainera, zentzu handiko jendearen ahotik datozkigu abisuok. Sarean biltzen diren iritzi askoren baldarkeriak eta anonimotasunak eraginak dira eta anarkia erabateko baten kontrako kontrol baten premiak bultzatuak. Apokaliptiko samarrak, gehienetan.

Sarea birtuala dela esan ohi dugu, baina erreal-erreala da. Bizitza bezala, arriskuz betea dago; baina baita aukerez ere. Arriskuek segurtasuna aholkatzen badute, aukerek askatasuna dute akuilu. Eta bata zein bestea balantzaren gainean jarriz gero, zer lehenetsi, zeren alde egin apustu, zertan jarri kemena?

Bizitzarekin bezala gertatzen zaigu sarearekin ere: aukeratu egin behar askatasunaren alde zauden edo segurtasuna duzun helburu. Erabaki horrek adoretuko du edo bridatuko zure mundu ikuskera.

Eta aukeran, bizitzan bezala: nahiago askatasuna. Sarea ere bizitza baita.