Malkotan

Aberatsek ere negar egiten dute, hala esan ziguten orain urte dezente hegoaldean geneukan telebista bakarreko telesail arrakastatsu batetik. Eta gu negar malkotan solidarizatu ginen aberatsen malkoekin, terapia oro berdintzailea izan zen aberatsek ere sufritu egiten dutela deskubritzea. Aberatsen malkoak eta gureak berdindurik, espero ez genuen mutur batetik etorri zitzaigun iraultza soziala: sufrimenduarenetik. Herri jakituria oker ote zebilen ere pentsatu genuen: askoren mina ez ote zen tontoen grina, justizia baizik behingoagatik.

Jakin berri dugu, ordea, iraultzaren kontrako propaganda gaiztoa izan zela hura guztia. Britainiar osasun zerbitzuek deskubritu dute konplota: aberatsak pobreak baino dezentez luzeago eta osasuntsuago bizi dira; aberatsen baliabide ekonomiko berekin, pobre batek zazpi urte gehiago bizitzeko aukera omen luke.

Aberatsek ere negar egiten dute, bai. Baina krokodiloen antzera.

4 thoughts on “Malkotan

  1. Zorionez, mundu honetan, heriotza dugu aberatsak eta pobreak berdintzen gaituen bizitzaren atal bakarra.

  2. Heriotzak berdintzen omen gaitu, baia? Britainia Handia aipatu duzue, Britainia Handian asegurua eguneratua izan ezean ospitaleko atarian uzten zaituzte hiltzerat, gertatua da, usu agertzen ohi da halako albisteren bat honen berri emaiten. Bitartean aberatsak barneko ohatze ongi hornituetan hiltzen dira. Han duintasuna ez da doan eta hemen

  3. “Britainia Handian asegurua eguneratua izan ezean ospitaleko atarian uzten zaituzte hiltzerat, gertatua da, usu agertzen ohi da halako albisteren bat honen berri emaiten”

    Barkatu, baina hori ez da batere egia. Erresuma Batuko Osasun Zerbitzua (“National Health Service”, mendabaldeko munduko lehenengoa) doanik da guztiontzat, eta hala izan da duela 60 urtetik. Seguruenik ez da onena, baina zuk esandakoa behintzat ez da gertatzen. Agian Estatu Batuekin nahastu zara, edo albiste horiek asmatu egiten dituzte, ez dakit ba.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude