Gordean

Trenak puntuan eraman nau Donostiaraino, baina denboraz urri nabil bilera-lekura iristeko. Taxi bakarra dago geltokian. Hurbildu naiz atzetik. Gidaria barruan dago, burua gida gainera makurtuta. Alboraino iritsi naiz. Ez da nire presentziaz ohartu. Liburu lodi samar bat du gidaren gainean. Begiak ia liburuan sartuta, letrak begiekin jaten ari dela esan liteke. Orri bat pasatu du, irakurtzen segitu du.

Presa dut, honezkero kontu segurua da berandu iritsiko naizela bilerara, baina ez nuke gidaria bere baitako bakartzetik atera nahi. Ez dakit zer irakurtzen ari den, zein hizkuntzatan. Kristalean jo, taxia hartu eta misterioa argituko nuke. Baina misterioak ez al dira misterio, xarma gordean dutelako?

Berandu iritsi naiz bilerara, ez dakit zein zen liburua. Baina beste misterio batekin ere uzten zaitut, irakurle: ez dakizu taxi-gidaria gizonezkoa ala emakumezkoa zen, euskararen genero-marka lausoari esker.

OHARRA (Post scriptum)

Beste ikuspegi batetik ere begira diezaiokegu kontatzen dudanari: taxi-gidaria etorritakoan zer datorkigu lehendabizi burura, gizonezkoa ala emakumezkoa? Eta irakurle hitza etorrita? Bien arteko zeinek irabazten du taxi-gidari irakurlea irudikatzerakoan?

4 thoughts on “Gordean

  1. Euskal genero-marka lausoa dela eta, zenbat buelta eta hausnarketa emango ez ote dizkiezun esaldiei neska-mutila, emakume-gizona binomioak infinitu aspergarriraino ez errepikatzeko. Hau bai meritua zuona, euskal idazleon kemena,hain zuzen ere; askoz errezagago baita frantseseraz edo gaztelianiaz idaztea.

  2. Hizkuntza bakoitzak baditu bere berezitasunak. Euskaraz generoarena horietarikoa da, Anduk ederki baliatu du halako anbiguotasuna sortzeko.
    Ez dut uste frantseseraz edo gaztelanieraz idaztea errexago denik. Edo ingeleseraz. Nola ezartzen da hizkuntza horietan hitanoak (eta zutanoak) emaiten du(t)en

  3. Liburu bat irakurtzen denean irudiak osatzen dira irudimenean, irakurle bakoitzak aurpegia jartzen die pertsonaiei eta kolorea paisaiari. Norberaren eskarmentuak agintzen du zeregin horretan. Nik ikusitako taxi gidari guzti-guztiak gizonezkoak dira. Emakume bat ikusiko banu, agian ilehoridun bat etorriko litzaidake gogora. Gertatuko ahal da!
    Zer naiz emakumea ala gizona?

  4. Taxi-gidaria irakurtzean gizon baten irudia etorri zait burura, baina liburu bat irakurtzen zegoela jakitean imagina aldatu egin da emakume bilakatuz. Egunkaria irakurtzen egongo balitz..seguraski gizona izaten jarraituko luke. Zergatik ote?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude