Amets

Ajeak utzitako iltzea beste iltze batekin kentzen omen da, hala esaten dugu Zarautz aldean. Ajeak ajeari dei egitea, ez da zurrutean soilik gertatzen. Sosak ere sosari egiten dio dei: bankuek jaso dituzte estatuaren diru-laguntza handienak. Futbol-taldeak ez dabiltza oso atzetik: San Mames barria egiteko diru-laguntza da futbolak sartu duen azkeneko gol sekulakoaren lekuko. Etorriko da gol ikusgarri gehiago.

Pobreen etxean, aldiz, ametsak egiten dio ametsari dei.

Orain laurogei bat urte Lizardik milioi bat pezetekin egin zuen amets; hobeto esanda, pezeta haiekin euskal kulturaren alde egin zitekeen guztia zuen amets. Alferrik ari zen, bazekien alferrik ari zela, ez zuela inork sosik jarriko bere ametsetarako.

4 thoughts on “Amets

  1. Sortzez zarauztar bizkaitartua naizen aldetik, esan dezadan, lotsarik gabe, Bizkaiko talde nagusiak erakartzen duela nire football-zaletsun eskaxa, bere jokalariak Euskalerrian jaio direlako, nonbait.
    Hala eta guztiz ere, kontuan hartuta zenbat malabarismo egin behar duela, sarritan, lehenengo mailari eusteko, bidebatez zaletu askoren bihotza izorratuz, eta krisi malapartatu honen hatzaparkadek gure patrika, berez ximurtua, urratzen duela, nola xeha daiteke hain diruketa handia beste football-zelai bat egiteko? Nik uste nuen herri erakundeak, foru aldundiak barne, herritarren beharrez arduratzeko hautatu genituela. Ala ez?

  2. Andu, esnai eta ongi iratzarrita portatu haiz. Beste behin.

    Ez, Jaime, ez. Diruak joan dituk euskaldunon zaletasunak dabiltzan zelai eta itxitura inguruetara: fubol zelaietara, saskibaloi taldeotara, eta, tarteka, pilota partidetara. Kirolak eraman ditik dirutza bakarrak aspaldion. Zer gerta ote daiteke, (gertatuko ote litzateke, inoiz edo halakoren batean), gure zaletasuna eta emana, euskararen alde, huraxe jokatzera, hartantxe jolastera, eta harekintxe bakarrik bizitzera moldatuko eta errendituko bagina…? Diruak zalantza ttikienik egingo ote luke geure aldera?… Trabesa botako niakek, niekek, nizueke, nieke, eta nire buruari ere botako nioke… halere, halatan ere, ezetz dirua, gutxiago dirutzak, euskara lagutzera errenditu…!!! Hori, euskararena, alegia, uste ditek, nonbait, egina dagoela… hori euskaldun temation kaskagogorkeria omen baita…

  3. Errentagarritasuna dugu guztiaren neurgailu gaur egun. Ez edozein errentagarritasun. Ez horixe! Errentagarritasun ekonomikoa, jakina.
    Bestelako baloreak, irizpideak eta abarrak, bigarren mailakoak dira.

    Irizpide horixe da egun guztiaren abiapuntu eta jomuga, eta gure gazteek nagusiongandik horixe jasotzen ari dira.

    Eta gero harritu egiten gara!!

  4. Lizardi eta biekin ados. Barria horretan irion duten sosa hagitz ongi etor lekiekek Fontellas, Sartaguda edo Bianako ikastolei, adibidez. Hauek bezalakoek sortzen ditek benetako Euskal Selekzioa (eta ez elkarrizketak soilik ETB2an eman ditzaketenek).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude