Ximiko berri

Atzo hamar balio zuenak gaur bost balio du, eta bizi gaitzala merkealdien pozak, kontsumoaren kontsumazioak, pagotxaren begitazioak. Arropak biluziak janzteko balio omen. Zenbat biluzi janzteko adina arropa ote daukagu gutariko bakoitzak armairuan? Edo zenbat biluzi dago nigan hainbeste arropa behar izateko?

Egungo arropak ez du gure pribilegiorik: ez da gastatzen, ez diogu zahartzarora iristeko betarik ematen. Aspertu orduko edo modatik pasatu dela pentsatu ahala, ez dugu berria erosi arteko onik izaten. Hala, arropa zaharrarekin batera, osasunarekin urratu espresioa baztertu dugu: arropa estreinatutakoan, jantzi berriaren iraupen (gutxienez) bera opatzen genuen/zitzaigun. Bitxia da: egun, esaldiak justu kontrakoa adierazi nahiko luke.

Ez ahal da, behintzat, Baztango ximiko berri ohitura zabalduko (arropa berria estreinatzen zuenari atximur egiten omen zioten): gorputz guztia ubeldura huts genuke

7 thoughts on “Ximiko berri

  1. Aupa, Anjel.
    Bai, erabiltzen da, Nafarroan behinik behin.
    Nik, dena dela, zimiko-berri aditu izan dut.
    Gaztelaniaz estilo bereko esaldia dugu, zapatetarako. Norbaitek zapatak lehenbiziko aldiz jantzi dituela ohartuta, hari zapata zapaldu, eta “que les rompas con salud” esaten dugu.

  2. Bai, hala duk. Nafarroan esaldi hori oraino ere erabiltzen duk, aitzineko iruzkina idatzi duen horrek, txantrearra ere den horrek, erran bezala.
    Honatx bertze esaldi bat,

  3. Nafarroako Basaburu alde honetan, natural demonio erabiltzen du euskaldun klasikoak “osasunakin hautsi” esanera, edozein gauza berri (jantzia, autoa, bastoia, eskopeta)erosi duenari esateko, kortesiazko ongierakutsi gisan. Eta presentekoaren erosketa berriaz ohartu, eta hori esaten ez badu, sinale espaz eta ezineramanez kizkaltzen dagoela. Esanda ere, bai, gehienetan, jakina.

  4. Begira, Andu, hona hemen urtarrilaren 9an Telebistan ikusi nuen dokumental bat(http://bit.ly/gjObSb).Zer pentsatu asko eman zidan. Hurrengo egunetan, burutik ezin kendu eta atzo nire adiskideei ere honen berri (digitala, esan nahi dut) ematea bururatu zitzaidan.
    Eta gaur egunero bezala zure zutabea irakurri dudanean,… Giroan dabilen zerbait izango da,.
    Ah! Dokumentalaren izena: “Comprar, tirar, comprar”.

  5. Egun on, Anjel!
    Guk umetan ere egiten genuen, euskaraz zein gaztelaniaz, eta elkarri atximurka egin arroparen kasuan, eta zapatekin zapaldu.
    Asko gustatu zait gaurkoa. Goitik behera nator bat zurekin. Ikasleekin hitz egiteko emango dit! Beharbada, zerbait idazteko ere.
    Mila esker

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude