Emaitza

Nork irabaziko duen, eta orain arteko mapa politikoa nola eta zenbat aldatuko den, laster askatuko da inkognita. Baina emaitzak ezagutzea baino are garrantzitsuagoa: azken boladan usaindu ahal izan ditugun haize berrien arabera, badirudi zabaldu egingo dela espazio pertsonala, airea garbiagoa etorriko dela, gutariko bakoitzaren askatasunak ibilbide luzeagotarako arnasa izango duela.

Gutxik jartzen du zalantzan garai garrantzitsuak datozen kontua. Zailak izango dira, baina izatez, ilusioaren iturri dira. Eskuzabalak izan beharko dugu: eskuzabaltasunik gabe, ateak itxi eta itsutuko dizkiegu gure artean dauzkagun hainbat arazo larri gaiztotuei. Izan beharko dugu bizkorrak ere: txikikerietan endredatuta, gure mozdadearen luzea erakutsiko dugu berriro.

Etorkizunaren espaziorik aske zabalena izan dadila gutariko bakoitzaren askatasunaren plaza, baina emaitzetan emaitzena litzatekeen hori ez dugu gaur gauean ezagutuko.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabea hankamotz geratu da paperezko edizioan, azkeneko paragrafoa bidean gelditu delako auskalo zergatik

One thought on “Emaitza

  1. Aire garbiagoa heldu omen duk. Eman hitza lau paretaren truk, berrogei urtez, soldata utziko duenari. Eman hitza bizitza osoan lan eta lan jardun ondotik jubilazio-sari zinez murritza pairatuko duenari. Eman hitza karrerak-eta izanik ere, lan bera egin arren, gutxiago kobratuko duen emakumeari. Eman hitza parlamentarien menuek zenbat balio duten jabetu berri den langabetuari. Eman, eman hitza. Emaitzak nekez iradokiko ziguk aire garbiagoaren ustea.
    Jende berria bainoago, jende zintzoa behar diagu. Ekandu gaiztoak baizik ez duen jendeaz, benetan, kokoteraino gaudek. Baduk gure etxea egurasteko tenorea. Sistema errotik aldarazi behar diagu, bertzenaz gaitik irentsiko.

    Egon bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude