Oroitzapentxoa

Orain bi egun, ETB2n The Night of the Generals (Jeneralen gaua) ikusten hasi nintzelarik, Omar Sharif-ek, pelikulako protagonistak, oroitzapen zahar batzuk ekarri zizkidan gogora.

Hamabost bat urte ditut, Donostiako apaiztegian nago. Goiz batez albistea zabaltzen da, olioa zartagin beroan bezala, apaiztegiko korridoreetan barrena. Atzerriko aktore bat etorri omen da, nahiko famatua, egun batzuk gure artean pasatzera! Aktoreak Omar Sharif du grazia! Seguru asko ez genuen inork ezagutzen, baina berehala irudikatu genuen Hollywood-eko izar nagusi gisa.

Pelikula bat egin behar omen zuen apaiz jantzian, eta sotanarekin ohitzeko etorri zen apaiztegira. Hainbat egun egin zituen bertan, eta apaizgai nagusienekin ibiltzen zen, beti galdezka sotanarekin nola ibili, eskuak patrikan nola sartu, botoiak nola lotu, lepoko zuria nola atondu

Oroitzapentxoa

Orain bi egun, ETB2n The Night of the Generals (Jeneralen gaua) ikusten hasi nintzelarik, Omar Sharif-ek, pelikulako protagonistak, oroitzapen zahar batzuk ekarri zizkidan gogora.

Hamabost bat urte ditut, Donostiako apaiztegian nago. Goiz batez albistea zabaltzen da, olioa zartagin beroan bezala, apaiztegiko korridoreetan barrena. Atzerriko aktore bat etorri omen da, nahiko famatua, egun batzuk gure artean pasatzera! Omar Sharif du grazia! Seguru asko ez genuen inork ezagutzen, baina berehala irudikatu genuen Hollywood-eko izar nagusi gisa.

Pelikula bat egin behar omen zuen apaiz jantzian, eta sotanarekin ohitzeko etorri zen apaiztegira. Hainbat egun egin zituen bertan, eta apaizgai nagusienekin ibiltzen zen, beti galdezka sotanarekin nola ibili, eskuak patrikan nola sartu, botoiak nola lotu, lepoko zuria nola atondu

Argien gozatua

Azpiroztik pasatu, Elena Asins eskultorea autoan hartu, eta berriro ere Balerdiko mazeletara, berriro ere Araitz bailara ederrera, baina gaurkoan Intzara, egun pasa egiteko asmoarekin adiskide batzuek han duten baserri batean. Egun errea, solas atsegina.

Bost notatxo Balerdiko maldan

*Ortiz de Elgea erosoago sentitzen omen da formatu handian. Bere pinturak arnasa behar duela esan digu. Baina formatu txikiko koadroetan ere formatu handietako elementu guztiak daude. Pintoreak ez du ezer eliminatu. Hala ere, eta logikak besterik iradokitzen badu ere, ez dira itogarriak.

Askatasun beraren arnasa darie hauspoka.

*Pintura bizi eta pinturan. Argia bizi eta argian.

*Koadroak esaten digu pinturaren egia, pintorearen diskurtso landuenak baino zehatzago esan ere.

*Iragana eta tradizioa, oinarri gisa. Ez nostalgia moduan, are gutxiago iragana imitatzeko edo garai joanak errebindikatzeko.

*Artistak, benetako artista batek, badaki egiten ari dena ez dela behin betikoa. Baina artistak, benetako artista batek, behin betikotasuna eman nahi dio obrari, horretara jartzen ditu kemena eta bizia.

Nahiaren eta ezinaren arteko tentsioa bizi du beti benetako artista batek.

(Ortiz de Elgeak Nafarroako Gaintzan daukan estudioan orain bizpahiru egun zirriborratu nituen notatxoetatik)

Aitona paseoan

Aitondu, aspaldi aitondu nintzela esaten didate, baina orain hiru hilabete egin ninduten aitona. Gaur goizean umea zaindu beharra egokitu zait. Liburutxo bat neukan patrikan, baina ez dut aulkiren batean eseri eta irakurtzeko astirik hartu nahi izan. Bi ordu egin ditut atzera eta aurrera, paseoan. Aldian behin, begiratzen nion, eta, denbora guztian, umea lo. Denbora gutxi barru, nire mundualdia bukatuko da, eta berak hamar, hogei urte izango ditu. Tarte horretan ez dakit mundua zenbat aldatuko den, ez dakit zer ekarriko dion bizitzak, baina orduan ere izango dira gaur goizean bezalako giroak, lainotuak eta bero handirik gabeak. Izango da lorezainen bat gaur bezala lanean arituko dena, eta belar moztu berriaren usain sarkorra zabalduko duena bilobaren mundualdiko parajeetan. Izango da haize kirririk kresala ekarriko duena itsas aldetik. Izango da gaur bezalako hozbero atseginik. Izango da gaur ni bezala ume bat paseatzen ibiliko den aitonaren bat ere. Beharbada, ni orain paseatzen ari naizen ume honen umeren bat, ni orain paseatzen ari naizen ume honexen aita aiton egin berriak zaindua.

Umeari begiratu diot.

Lotan segitzen zuen.

Keinuka

Lagun pintore batek Nafarroako Gaintzan daukan baserri eder batera eraman gaitu. Asentu ederreko eraikin sendo bat da, aspaldikoa. Harrizkoa da eraikin osoa, baina ez baleuka harrien arteko tarterik, ez baleuka leihorik, gotorleku itsu bat litzateke. Ilunpe erabateko baten ostatu.

Laguna azken boladan margotutako kuadroak erakusten hasi zaigu. Bere azken lanen giltzak ez dira errazak: arreta jarri behar da, zeure baitatik irteten ez zaizun argi baten beharra duzu.

Eguzkia keinuka hasi da Balerdi mendiaren gain-gainetik.

Aukeran

Maskor biko animaliak ikergai dituen zientzialari batekin hizketan. Bere lanaz galdetu diot. Badaki nik ezer gutxi dakidala biologiaz, eta aratz-aratz aritu zait hizketan. Jarduna atsegina eta ulergarria izan arren, seguru nago ez diola ukorik egin zehaztasunari.

“Estatistikek diotenez, talentu gehien duten gizakien ehuneko laurogeia zientzien inguruan dabil. Demagun Errenazimendu garaian bizi garela, eta Madrilen, Firentzen edo Erroman gaudela: pintoreren batekin edo idazlerekin batekin bazkaltzea gustatuko litzaiguke. Gaur egun, ordea, zientzialari batekin bazkalduko genuke, ez poeta batekin. Interesgarriagoak dira eta apalagoak. Haietako askok ahalegin handia egiten dute zuk uler dezazun zertan ari diren, zer egiten duten. Cambridgen eta Harvarden Nobel saria irabazi zuten gizon eta emakume asko ezagutu ditut. Berek ez zuten beren merituen berri ematen, besteek esanda enteratzen nintzen ni