Aitona paseoan

Aitondu, aspaldi aitondu nintzela esaten didate, baina orain hiru hilabete egin ninduten aitona. Gaur goizean umea zaindu beharra egokitu zait. Liburutxo bat neukan patrikan, baina ez dut aulkiren batean eseri eta irakurtzeko astirik hartu nahi izan. Bi ordu egin ditut atzera eta aurrera, paseoan. Aldian behin, begiratzen nion, eta, denbora guztian, umea lo. Denbora gutxi barru, nire mundualdia bukatuko da, eta berak hamar, hogei urte izango ditu. Tarte horretan ez dakit mundua zenbat aldatuko den, ez dakit zer ekarriko dion bizitzak, baina orduan ere izango dira gaur goizean bezalako giroak, lainotuak eta bero handirik gabeak. Izango da lorezainen bat gaur bezala lanean arituko dena, eta belar moztu berriaren usain sarkorra zabalduko duena bilobaren mundualdiko parajeetan. Izango da haize kirririk kresala ekarriko duena itsas aldetik. Izango da gaur bezalako hozbero atseginik. Izango da gaur ni bezala ume bat paseatzen ibiliko den aitonaren bat ere. Beharbada, ni orain paseatzen ari naizen ume honen umeren bat, ni orain paseatzen ari naizen ume honexen aita aiton egin berriak zaindua.

Umeari begiratu diot.

Lotan segitzen zuen.

3 thoughts on “Aitona paseoan

  1. Duela hiru hilabete aitondu hintzen, benetan aitondu ere. Berriki arte kezkatu hauten arazo batzuk orain, etorri berriari esker, ez dituk aintzatetsi ere eginen. Bigarren mailarat iragan dituk, ez dituk kezkagarri. Zuntzunkeria batzuk baizik ez dituk.

    Bilobak beretzen ditik hire ardura nahiz arreta. Hark hire aldartea baldintzatzen, tristatzen edo alaitzen dik. Geroari buruzko hausnarketak ere azkartzen ditik eta, ondorioztatua ikusirik, lokamuts ugari sortzen.

  2. Zorionak Anjel, bihotz-bihotzetik, goza ezazu urte luzez Bizitzak ekarri dizun biloba kuttun honetaz; ez galdu minutu bat ere inportantziarik gabeko zereginetan, hain garrantzitsua baita umetxo hauen xalotasuna eta Bizitzak aurkezten dizkienen aurrean harritzeko duten gaitasuna zaintzea eta bideratzea, batez ere, zu bezalako gizon sentibera eta prestua zaren aldetik; seguru naiz aiton goxo eta amorosua izango zarela.
    Beste batzuek, ordea, bizitzaren gorabeherak direla eta, ez dugu gure bilobatxoaz gozatzeko poza, eta, kaleko umetxoen aurpegietan ikusi ezin dugunaren hazpegiak topatzen ahalegin antzuak egiten ditugu, tristetu eta goibeldurik etxeratzen.
    Beraz, zorionak berriro eta goza ezazu amodio berri honetaz, seguru bainaiz zure etorkizuneko liburuen prosan eragin handia izango duela.
    Izan untsa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude