Austeritatea

Ez baikenuen abererik, ez baikinen aberatsak, kronikek diote oso herri austeroa izan garela. Baina diru pixka bat ikusten hasi ginen orduko, guk ere gogotsu ekin genion barra-barra gastatzeari, neurritasunaren marra guztiak gainditu genituen. Herri aberatsaren sena eta sona irabazi genituen, langile finak garelako aberastu omen ginen. Aberats berriok, ordea, austeritatea galdu genuen, nork bere patrika gobernatzerakoan bezala ondasun publikoak kudeatzerakoan ere.

Xuxen maiteak gorriz markatu dit austeritatea. Hiztegiek ere ez dute jasotzen. Nonbait ez da euskara. Baina euskarak ezagutu du austeritatea, kuanto!, eta orain, euskara ere txin-txinaren distira pixka bat ikusten hasita zegoen garaian, krisia etorri zaio gerrikoa estutzera.

Gutxien zeukatenen bizkar gizentzen omen da krisia. Euskarak asko daki horretaz. Pentsatu nahi dut horregatik errebelatzen dela eta protesta egiten austeritate hitzari.

OHARRAK (Post scriptum)

Oso herri austeroa izan omen gara, baina hiztegiek ez dute austeritate hitzaren kontzeptua nik ulertzen dudan moduan hartzen, edo agian ni naiz hiztegiek proposatzen didaten zorroztasun ordaina bere zabalera osoan hartzen ez dakiena. Kontua da zutabean austeritateaz hitz egin ordez zorroztasunaz mintzatu izan banintz, irakurle gehienek ere nire komeria bertsuak izango zenituztela (pentsatzen dut).

Euskara kontuetan ere badira onkeriak. Eta onkerietato bat, zuzentasun ustea adierazkortasunaren gainetik jartzea. Beti bezala, neurrian dago misterio guztia. Zein den neurria, horixe koska.

Begiradak

Nork, bere neurriko titularra; nork, bere neurriko analisia; nork, bere memoria. Beranduegi iritsi da. Inoiz ez da berandu. Porrota, garaipena. Garaile-galtzaile joko makabroa. Iraganaren pisua, etorkizunaren xarma. Memoriaren eskubidea, elkarbizitza eraikitzeko behar den irudimena. Denok biktima eta denok preso ginenekoa. Oinazea, eta oinazeari begiratzeko moduak. Pozezko negarrak. Baita mindurazko malkoak ere. Sentimendu orotarikoak, kontrajarriak, hautsiak, beteak. Zubiak eraikitzeko ordua. Gorrotoaren ganbara husten hastekoa. Justizia eta elkartasuna.

Bosteko batean kabitzen da bihotz zabaltasuna. Bostekoaren ukoan, gorrotoa.

Frankismoa, ETA: gure gizartean inork gutxik ezagutu du klase bateko zien besteko politika diktatorialik gabeko garairik. Etsita ere bageunden inoiz etorriko ote zen horretarako eguna. Sufrimendu guztiak kabituko ahal dira hemendik aurrerako gure jardunean, atze lotuak erakutsiko ahal digu aurre librea nola dantzatu.

OHARRAK (Post scriptum)