Bidaia

Zortzi bat egunez Mexikoko Guadalajara noa, hango Liburu Azokara. Bitarte horretan, ez dakit txoko honetako leiho egunerokoa irakitzen segitzerik izango dudan. Ez bada hala, barkatu eragozpenak eta Mexikotik itzuli arteko luzamendua.

“Bidaiari diozun beldurra, eutsi egiten dizun eta babestu egiten zaituen errutina galtzeko beldurra da”, Miguel Sanchez Ostiz.

Kalea

Kalea nirea da, esan zuen Fragak. Eta hain berea ere: orduko paretek belarriak zituzten; aireak, berriz, begiak. Batera eta bestera begiratzen zenuen tabernetan, eta ahotsa bridatzen zenuen, ez edukazioz baizik paretetako belarrien errezeloz. Ez zinen paranoiko bat, askatasun faltak sator-ibileretara behartutako gizarte bateko herritar bat gehiago baizik. Kaleko hizkera-mota bereizi baten akademian matrikulatutako ikasle bat, horixe zinen: ahopeka eta zirkinekin mintzatzeaz gainera, estrategia linguistiko esanahi bikoak, ia sator-zulokoak, praktikatzen ikasi zenuen, diktaduraren kontra blindatzeko estrategiak lantzen zenituen.

Telebistari begira zeundela, Siriatik iritsi zaizun gazte baten aldarriak sator-bizitza hura berritu dizu:

Desesperazioa

Poema bat goratsua izan dadin, bertso bakoitzak, lerro bakoitzak behar du goratsua izan. Nobela puntakoetan, bat baino gehiago izaten dira gogoan iltzatzen zaizkigun pasadizoak, pertsonaiak, esaldiak. Badira, ordea, poemak edo bertsoak edo kantuak, erdipurdikoak izan arren, bertako perlaren batengatik gogoratzen ditugunak.

Baina, badaezpada, liburuak azpimarratu egiten dira, memoriak agian jasoko ez duena azpimarrak gorde dezan. Zer egin, ordea, pelikula batean ikusi edo entzundako koska gogoangarriekin? Nik ez dut koadernotxo batean apuntatzea baino erremedio hoberik ezagutzen. Eta koaderno zahar baten begi-pasan, William Dieterle-ren Salome filmeko aipu bat topatu dut. Ez naiz pelikula ikusi izanaz ere gogoratzen, baina koadernoan dago Herodiasek filman dioena:

Kar-kar heriori

Iltzatuta geratu zaizkigu orain gutxi ikusi genituen irudiak: Zumaiako flysh-en labarrean, lau gizon puska, haitz puska handi bat tentu osoz garraiatzen. Fosil bat zeramaten, erlikia bat baleramate bezalako debozioz. Lur-jauziren batean desagertzeko arriskua zuen fosilak, horregatik eraman dute toki seguru batera. Arantzadiko kideoi esker, lehen genekiena baino gehiago jakingo dugu orain milioika urteko munduaz eta faunaz.

Munduaren memoria zaharra haitzetan, landaredian, izarretan dago. Herri baten memoria antzinakoena, aldiz, mitoetan, ohituretan, kantutegian. Jesus Altuna paleologoak orain egun batzuk, berripaper honetako Gipuzkoako hitza gehigarrian:

Porrota

Ez zeukan pentsatu beharrik ere: baloia hanketaraino etorri baino lehen aurreikusten zituen jokaldi guztiak, zer nolako abiada hartuko zuen, nola engainatuko zituen aurkariak, nola iritsiko zen atezainaren aurrera, zer nolako zartakoa emango zion baloiari, zer sare-soinu entzungo zuen lehendabizi eta zer txalo-zaparrada iritsiko zitzaion gero belarrietara

Ganibeta

Munduan ez dago, hala pentsatzen du, ifrentzurik gabeko aurkirik, askotan esaten du ideiarik ederrenak, muturreraino eramanda, hondamendia ekarri ohi duela, begiratu besterik ez dagoela erlijioek edo sistema ideologikoek historian zehar eragin dituzten izugarrikeriei, arrazoi duela Oihenarten esaera ederrak, ganibet berak ebakitzen dituela ogia eta eria, ganibeta ogia ebakitzeko baldin bada ere, gaizki erabili ezkero trepeta ezin aproposagoa dela eria ebakitzeko, eta besoa, baita urdaila sarraskitzeko ere, zernahitarako balio duela ganibeta batek, erabileraren onak egiten duela ganibeta on, ideiak ere ganibeta bezalakoak direla eta zorrotza izan beharra dagoela ideia propioekin, besteen ideiekin baino are zorrotzagoa, besteak konbentzitu nahi dituenak bere ideiak saneatu behar dituela behin eta berriro kritikaren galbahean, ogia ebaki eta banatzeko dituela ideiak, eta ez inor ogirik edo eririk gabe uzteko

Hausnarrean

Putare aude, ausart hadi pentsatzera: Kanten aholku askatzailea Ilustrazioaren akuilu bihurtu zen. Ausart hadi pentsatzera, ausart hadi heure pentsamendu propioa eraikitzera, ausart hadi heu izan eta heure bidea egitera. Hori dioenean, Kantek askatasunaren transmisioa bilatzen du, ez bere pentsamenduarena. Autoritate intelektuala du horretarako, ikuskera egin zorrotz batekin begiratzen dio munduari, tradizio handi baten oinordeko da, irizpide etiko eta filosofiko zehatzekin egiten ari da mundualdia. Hala ere, ausardia eskatzen digu, zertarako, eta askatasun osoz pentsa dezagun. Bidea seinalatu ordez, bidea egiteko itsu-makila jartzen digu eskura.

Gaur, hausnar pertsonalak tutik balio ez duen sasoiotan, zertarako ausartu etekinik gabeko zeregin batean? Kanpainan ikusi berri dugu: misiolarien moduan ibili zaizkigu