Irribarrea

Goizeko bederatziak dira, huskeria batek anbulatoriora eraman nau. Bidean, neska bat ikusi dut, abandonuaren traza guztiarekin. Haren ibileraren zabuak berrogeitaka urte iradokitzen baditu ere, haren aurpegiak dezentez gazteagoa dela erakusten du. Berak ere nigan erreparatu duela iruditu zait, irribarre egin baitit momentu batez, ezagutu banindu bezalako irribarre fidabera bat. Baina laster makurtu du begirada. Metadona hartzetik ote datorren pasatu zait burutik. Hortik irribarrea. Kontsultan sartu orduko, bertara eraman nauen huskeriak hartu dit ardura guztia. Bat-batean, ordea, medikua nire huskeriaz ari zitzaidala, irribarrearen izen-deiturak etorri zaizkit, ziztada baten modura, gogora. Ikasle izan nuen orain urte dezente, pertsona gutxiri ezagutu diot hain irribarre gozoa. Gaur ez naiz zirkintxo bat ere itzultzeko gauza izan haren irribarreari.

Egunak nekez berdinduko didan egonezin batek eraman nau etxera.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabea idazten ari nintzela, atzokoaren antzeko gertakari bat etorri zitzaidan burura. Orain bost bat urte beste zutabe bat eskaini nion hemen bertan. Desberdinak izanagatik ere, osagarriak iruditzen zaizkit biak.

3 thoughts on “Irribarrea

  1. Londresen bizi nintzelarik hamar urtetako epean maiz ikusi izan nuen eskalea; finantzen distritoan hanka motza zen, beste nonbaiten txirrindulaz bere egunerokoaren bila zioan, eta noiz behinka, liburutegi batean ikus zitekeen. Beste behin eskale bati zer zuen bizitzan gehien faltan botatzen zuena; eta hau izan zen bere erantzuna: goizean norbaiten irribarrearekin esnatzea.
    Agian hori da gizakion pobrezia, benetako gabezia, irribarre baten keinua. Metadona, medikuaren pildorak edo eta txotx amaigabeen atzean irribarre baten hutstasuna da nabari…

  2. Joan den egunean gurekin lan egindako lankide bat ikusi nian. Supermerkatuaren atarian hasi gintuan mintzatzen. Hura paretan lagunduta zegoan, eskuak gibelean, paretari kontra, gurutzaturik. Beti bezain irribarretsu zegoan, beti bezala aldarte onean, umoretsu. Solasean hamabortz minutu pasatxo eman ondotik, zutitu egin zuan, eskuak gibeletik aitzinerat pasatu eta hara zer erran zidan:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude