Segundoa

Lepoan norbaiten eskuak sentiturik, ostia, nireak egin dik!, pentsatu du gizonak. Toki seguruan nengoelakoan, eta traizioa! Non dira bizkartzainak, non dira seguratak! Zintzurra estutzen dioten zarpa kriminalen jabea nor izan litekeen asmatu nahian hasi da bere estuasunaren kabutan. Lehman Brothers-ek hondoratutakoren bat. Langaberen bat. Sindikalista, etxerik gabea, mileurista, jubilatua. Zintzurra estutzen eta estutzen ari zaion kriminala izan liteke ekonomiako ministerioa beretzat nahi zuen popularren bat ere! Bere lepoa bihurritzeko motiboak dituzten asko pasatu baitzaizkio burutik, gizona damutzen hasi da. Barkatu, jauna, nire bekatuen handia, eta har nazazu zure miserikordiaren habian! Bat-batean, ordea, egintzara pasatzea erabakirik, ausart, burua jiratu du.

A, putakumea, hi al hintzen!, atera zaizkio arnasa eta arima, eta Guindos ministroak bizion mundura itzuli berri den baten irribarre tontoaz hartu du Euro-taldeko Juncker presidentearen txantxa.

Segundo doi bakarrean gertatu da dena.

2 thoughts on “Segundoa

  1. Pertsonai bihurri eta maltzur honek jende anitzen zintzurra estutu zian. Banketxe erraldoian zuen lekutik, eiki, langabetuak odolustuko zitian. Etxedun franko etxegabetu. Banketxe erraldoiak erreka jo zuelarik haren herra zurrupatzailea pairatu zuen askok lasaitu ederra hartuko zian, Hondarrean bazen ere, justizia eginen zelakoan.
    Kurrikulumak jatarako balio ez duela erakutsiz, finantzen munduan suertatu den ero(r)ketarik handienaren arduradun nagusienetarikoari ministeriorik gorenena eman ziotek, Ekonomia ministerioa, alegia. Gauzak nola egin behar diren darakutsan jokabidea, alajinkoa!

    Egon bizkor.

  2. Bigarren segundoa

    Burua jiratu ondorengo hurrengo segundoak eman zidan atentzioa niri, Guindosen begirada hotz zorrotz horrek, aurpegiko keinu miatzaileak, geroko irribarre faltsu eta besarkada gezurrezkoaren arteko une izoztu horrek. Bat-bateko erreakzio benetakoa eta adeitasun bero antzeztua bereizten dituen une kritiko horrek.

    Gero jakin genuen Guindosek eta Junckerek eztabaida gogorra izan zutela defizita dela-eta. Guindosen bigarren segundo horretako aurpegiak iragartzen zuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude