Itzulera

Aspaldi handian (nire belaunaldiaren gazte garaian, alegia) debate nagusia zen nola uztartu behar ziren auzi soziala eta auzi nazionala. Klase borrokaren eta nazio borrokaren arteko orekan zegoen perfekzioa, baina bi elementuon arteko ezkontza beti baitzen ezinezkoa (utopikoa), bataren zein bestearen garrantziak markatzen zuen talde politiko txiki zein handien izaera eta norabidea. Debate horrek eragin zituen gure arteko liskar eta haustura mingarrienak, debate hori gabe nekez uler daiteke frankismo azkeneko eta osteko euskal ezkerraren historia.

Urteak aurrera, debate hura diluitzen joan da. Zehatzago esanda, debatearen alde soziala joan da azukrea kafesnetan bezala urtzen. Eta alde sozialarekin, langile kontzientzia.

Datorren asteko grebaren haritik datozkigun diskurtso askok inoiz zaharra izan behar ez zuen perspektiba hura dakar orain oroira. Gauzak nola diren: krisiak ez du guztia hondoratzen.

4 thoughts on “Itzulera

  1. Klase borroka eta nazio borrokaren arteko oreka falta izan zen, “beste aldean” bizi zirenen guneetan, gatazka eta borroka latzen iturburu. Burges eta trosko hitz iraingarriak trukatuez gero, sekulako iskanbilak izaten ziren Erakundeko kolore desberdineko militanteen artean. Ukabilak eta guzti, batzuetan, armak ere.
    Anjelek ongi dioen lez: “…debatearen alde soziala joan da azukrea kafesnetan bezala urtzen…”
    Hala da, behin diru eta boterea ukitu ondoren, akabo debate soziala, pobreen aldeko borroka, asmo altruistak, sozialismo utopikoa eta abar… Ongi etorri pragmatismoa eta kameleoitasuna.
    Aroek markatzen dute politika egitearen norabideak eta!!!

  2. Anitz urtez bi auziak konpondu nahian ibili denik izan duk. Urteroko hitzarmenen negoziaketan jo eta ke langileen eskubideen nahiz hobekuntzen alde egon direnak izan dituk. Dena ongi zihoala mailuarena baino are era astunagoan errepikatzen ziguten garaietan ustezko ekonomia bikain haren birtualtasuna azpimarratzen zutenak egon dituk.
    Orain, beti borrokan aritu diren horien iragarpenik latzenak hutsik egin gabe betetzen ari diren tarte txirogarri honetan horiek guztiek, beti alde izan ditugunek (baita geroa gurea zelako erabateko uste ergelean geundenean ere) bi auziak batera konpondu behar ditugula gogorarazi zigutek. Herri gisa ibiliz gero, norabide nahiz helburu berean loturik, aukera bat izan zezakeagu. Garai berriek aterabide ausartak behar ditiztek eta lehengo okermin gaiztoak bazter utzi.

    Egon bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude