Muppet

Goldman Sachs inbertsio bankuarentzat bezeroak muppet batzuk dira, ezjakinak, idiota totalak, kaka-jendea. Ez bainuen hitza ezagutzen, orain arte ez dut jakin muppet bat naizela. Ez, ez daukat akziorik Golmand Sachsen. Ez daukat akziorik inongo bankutan (nire erlijio laikoak galarazten dit). Baina muppet bat sentitzen naiz, muppet bat sentiarazten naute. Ez bankuetan soilik. Halaxe sentitzen naiz administrazio publikoko zerbitzu askotan ere. Muppet

Bisitan

Zutabeokin hasi nintzenetik, gutxitan idatziko nuen piezatxorik Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) bisitatu gabe. Gehienetan, kontsultatzeko, forma egokiena

Lainoa kostaldean

Airearen freskoa aurpegian, argia ilauntzen. Itsas aldetik dator eguraldiaren aldaketa bat-batekoa, laino zerratu baten forman. Hondartza irentsi du estreina, herrian sartu da gero teilatuetako tximini eta antenen artetik irristan, ibilian dator kaleetan barrena, pausatzen ari da etxeen artean. Laster, izara gris artegagarriak arratsaldeko kolore eta ertz guztien ugaritasuna berdindu du. Geldiak oro berdin egin ditu arbolak, farolak, posteak, mugimenduak bereizten ditu pertsonak.

Lainoa nonahi, lainoa begietan, lainoa eztarriraino. Lainoa barne-muinetara baino lehen, etxerako bidea hartu dut, behin eta berriro atzeratzen ari nintzen omenalditxoari ekiteko. Charles Dickensen Bleak House (Etxe hondamenezkoa) apalegitik hartu eta menturara zabaldu dut:

Kosmosa

Adituek kalkulatu zuten baino askoz ere hegazti gehiago akabatzen dituzte parke eolikoek. Kalkulaezina da autoek jota hildako txoriak, kalkulaezinak uzta garaian traktoreek hondatutako habiak eta arrautzak.

Dena denon jakinaren gainean.

Gombrowicz-en Kosmos nobelan, bi lagunek txolarre bat deskubritu dute sasi artean, alanbre batetik zintzilik. Burua makur-makur dauka; mokoa, berriz, zabalik. Ez du, ordea, gehiago kantatuko. Nobelako narratzaileak ekintzaren absurdua azpimarratzen du. Ez zaio arrazoirik falta: gizakiren batek jarri dio alanbrea lepoan, gizaki baten eskua dago egintza zentzugabearen atzean. Norena da, ordea, eskua? Nor da urkatzailea, nolakoak ditu sentimenduak? Zeren bila hil liteke txolarre bat hain era ankerrean, zer plazer atera zaio baldarkeriari? Txoria hiltzen ikusteak zer eman dio (edo kendu!) hiltzailearen bizitzari?

Bernanos parafraseatuz: gure hutsegite xaloenek ere kosmosa pozoitzen dute.

OHARRAK (Post scriptum)

Albiste honen irakurketatik dator zutabea.

Segundoa

Lepoan norbaiten eskuak sentiturik, ostia, nireak egin dik!, pentsatu du gizonak. Toki seguruan nengoelakoan, eta traizioa! Non dira bizkartzainak, non dira seguratak! Zintzurra estutzen dioten zarpa kriminalen jabea nor izan litekeen asmatu nahian hasi da bere estuasunaren kabutan. Lehman Brothers-ek hondoratutakoren bat. Langaberen bat. Sindikalista, etxerik gabea, mileurista, jubilatua. Zintzurra estutzen eta estutzen ari zaion kriminala izan liteke ekonomiako ministerioa beretzat nahi zuen popularren bat ere! Bere lepoa bihurritzeko motiboak dituzten asko pasatu baitzaizkio burutik, gizona damutzen hasi da. Barkatu, jauna, nire bekatuen handia, eta har nazazu zure miserikordiaren habian! Bat-batean, ordea, egintzara pasatzea erabakirik, ausart, burua jiratu du.

A, putakumea, hi al hintzen!, atera zaizkio arnasa eta arima, eta Guindos ministroak bizion mundura itzuli berri den baten irribarre tontoaz hartu du Euro-taldeko Juncker presidentearen txantxa.

Segundo doi bakarrean gertatu da dena.

Irribarrea

Goizeko bederatziak dira, huskeria batek anbulatoriora eraman nau. Bidean, neska bat ikusi dut, abandonuaren traza guztiarekin. Haren ibileraren zabuak berrogeitaka urte iradokitzen baditu ere, haren aurpegiak dezentez gazteagoa dela erakusten du. Berak ere nigan erreparatu duela iruditu zait, irribarre egin baitit momentu batez, ezagutu banindu bezalako irribarre fidabera bat. Baina laster makurtu du begirada. Metadona hartzetik ote datorren pasatu zait burutik. Hortik irribarrea. Kontsultan sartu orduko, bertara eraman nauen huskeriak hartu dit ardura guztia. Bat-batean, ordea, medikua nire huskeriaz ari zitzaidala, irribarrearen izen-deiturak etorri zaizkit, ziztada baten modura, gogora. Ikasle izan nuen orain urte dezente, pertsona gutxiri ezagutu diot hain irribarre gozoa. Gaur ez naiz zirkintxo bat ere itzultzeko gauza izan haren irribarreari.

Egunak nekez berdinduko didan egonezin batek eraman nau etxera.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabea idazten ari nintzela, atzokoaren antzeko gertakari bat etorri zitzaidan burura. Orain bost bat urte beste zutabe bat eskaini nion hemen bertan. Desberdinak izanagatik ere, osagarriak iruditzen zaizkit biak.

Naufragoarena

Terrazak zituen aireportu, plaza, geltokietako toki preziatuenak, eta atsegin zuen tartetxo mortuak baliatzea terrazaren batean eseri, garagardotxo bat eskatu eta jendearen ibilerei begira entretenitzeko. Gauza bera egin zuen joan zen asteburuan ere zentro komertzial batean: zerrenda batean idatzita zeuzkan produktu guztiak eta zerrendan ez zeuden gutizia batzuk hartu eta ordaindu ondoren, terraza batera joan, erosketen poltsak lurrean utzi eta ka

Ezkabia

Desagertutzat geneukan gaitza, desagertutzat gaitza izendatzen duen hitza ere. Gasteizko ikastetxe batean izan diren ezkabia kasuek, ordea, garbi utzi digute gaitzak hor dirauela zomorro-zomorro. Eta ez da guztiz galdu ezkabia, larruazaleko gaitza izendatzen duen hitza ere. Garai batean, eritasuna nahiko arrunta zenean, inbidiarekin lotutako esaera adierazkor askoa eman zuen: