Mekanismoa

Fortunak gure atean noiz joko bizi gara. Zain. Baina, aldi berean, baita kexuka ere, fortunak ez duelako sekula gure atean kax-kax jotzen, beti besteren batenean baizik. Putakeria horri beste putakeria bat ere erantsi behar zaio: fortunak bisitatu duen horrek nik baino meritu gutxiago zuen oraingoan ere; baina, beti bezala, niri ukatu zaidana jaso du. Frustrazioa erdi gainditu, eta egokiera berri baten zain gelditzen gara. Baina hurrengoan ere gauza bera gertatuko da: guk baino meritu gutxiago duen baten etxea bisitatuko duela fortunak. Eta erretxin hasiko gara berriro.

Badago gure baitan mekanismo bihurriren bat bizitzak zerbait zor digula sinestarazten diguna. Gaiztoa da mekanismoa, zekena oso. Eta gu, seko inozoak: fortunaren zain pasatzen dugu bizitzaren erdia; fortuna madarikatzen beste erdia.

Zer axola ote dio fortunak gure atean jo eta gu kalean goxo egoteak? Izorra dadila, ze letxe beltz gero!

4 thoughts on “Mekanismoa

  1. Are gehiago zebilek mekanismo hori oraingoa bezalako egoeretan. Langileriaren ehuneko hogei (handituz doan zenbakia!) langabezi txirogarrian dagoeino, halako loteria zaukatek langileek buruan. Anitz urtez soldataren igoera ukatua ikusi dutenek (hau ez duk loteria, langileei zor zaien eskubidea baizik) edo eta igoera barik, jaitsiera jasan dutenek (hau bai putakeria, Anjel) horixe, Fortuna, ditek geroaren bermatzaile bakarra. Ustezko bermatzailea, ordea, egokitzekotan bakar bati baitagokio eta, ederki erran duan bezala, beti bertzeri.

    Kontu jakina eta ikasia duk loteriena. Herrietan diren behartsuenetan kontsumitzen duk gehien. Adierazgarria, hagitz.

    Egon bizkor.

  2. El orden de los factores no altera el producto:

    “Badago zerbait gure baitan bizitzak mekanismo bihurriren bat zor digula sinestarazten diguna. Mekanismoa gaiztoa eta zekena da oso, fortunaren fortuna. Gu, seko inozoak: zain pasatzen dugu bizitzaren erdia; madarikatzen beste erdia.”

  3. Fortunak gurea bisitatuko balu, balantzaren orratza berdinduko zuen malurraren zain izango ginateke ezinegon gorri batean. Ez, hobe da orain bezala bizitzea eta ez ibili bizarra lepoan. Nik uste.
    Gustatuko litzaidake hona ekartzea nire Leintz Gatzagako lagun baten esakune filosifikoa: ZE INGO PA?

  4. Bai fortunaren zain gabiltza, zain beti zain, goddoten seme alabak baigara… Eta halatan ere larunbatean oteizaren heriotza zela eta hortxe joan ginen alzuzara bere pentsamenduak barneratuko zain. Eta hori bai fortuna nerea, berriz ere gogoratzean fortunaren hutstasuna betetzeko hiru pausu egitea gonbidatzean: materiaren ordez energia, barneruntz jo beharrean kanporuntz eta denbora alde batera lagaz espazioaz arduratu. Eta puntu horretan Oteiza gure artean existitzearen fortunaz ere gogoratu naiz, hutstasunaren fortuna zuk diozun bezala kaleetako goxotasunean: energiaz, espazio eta kanporantz biziz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude