Jendaila

Munduko ordularirik onenak ere ezin du historiaren benetako denbora markatu: asmatuko dugu ordularirik garestiena, sofistikatuena, zehatzena, baina trepetak ezin digu esan zein den munduaren ordua, bizitzea egokitu zaigun sasoiaren sprit partikular hori. Begiratu Sarkozyri: kanpainaren bete-betean, herriarengandik zein hurbil dagoen erakusteko, irribarrerik gozoena erakutsi eta bostekoak oparitzen hasi zen jendeari. Bravo, courage, vive la France! Halako batean, ordea, burutazioren batek kopeta belztu zion, zalantzaren batek begirada ilundu. Bi pauso atzera eman, eskumuturrean zeraman Rolex garestia kendu eta patrikan gorde zuen, bateon batek lapurtuko zion beldurrez. Gero, bostekoak partitzen segitu zuen lapur potentzialez osatutako jendailari.

Sarkozyren Rolexak aparta behar du, bozek berek baino irakasbide semiotiko gardenagoa oparitu baitigu: hautagaiaren ordua eta hautesle gehienena ez datoz batere bat.

2 thoughts on “Jendaila

  1. Duela urte batzuk munduko elefante-ehiztarietan den ospetsuenari halaxe ebatsi ziotean ordularia Sevillan. Egun hartan herriaren alde egin zian, herritar baten alde bederen.

    Sarkozyren boto emaileen arrazoiek benetan bereziak behar ditek izan. Halako keinuz beterik zegok haren jarduera eta, halarik ere, jendeak bozkatzen segitzen dik. Misterioa!

    Egon bizkor.

  2. Kosmos-erlojua asmatuko balitz eta Lurraren benetako ordua emango balu, ez luke markatuko guk ezagutzen ez dugun ordurik, nik uste. Areago, aipatutako ordu honek ez du aldaketarik izan milaka urtetan.
    Hots: jende pobrea zanpatzeko ordua, aberatsak txiroen bizkarretik bizitzeko ordua, edozein aitzakiz (ekonomiko edo erlijiosoa) herrien arteko borroka odoltsuen ordua, hautesleei hirusaku egiteko hautagaien ordua… Beti ordu bera!
    Mayen iragarpenei jaramonik eginez gero, aurtengo abenduaren 21ean izango dugu, behar bada, Lur honen azken ordua!
    Agur Ben-Hur!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude