Opor ostea

Nire aitona eta amona autobus-geltoki batean bizi dira, eta nik oporrak ditudanean, gurasoak eta ni haraino joaten gara, eta etxera ekartzen ditugu oporrak pasatzera. Dendara joaten bagara, hau eta hura eskatzen diet, oso pozik jartzen direlako niri opariak eginez. Arbolen izenak esaten dizkidate, eta baita kaleenak ere: hori poeta bat zen, beste hori santu bat da, baina nik ez dakit zer den poeta bat ezta santu bat ere. Oso arraro mintzatzen dira, plaia eta bizikleta esaten dute hondartza eta txirrindua esan ordez, eta txakurrari ikusi diot esaten badut zer ikusi diozu galdetzen didate. Txarrena, mantso-mantso ibiltzen direla, eta behin baino gehiagotan galdu naute. Eta itsusiena, hortzak kentzen dituztenean ohera joateko.

Aitonak eta amonak ez dute umerik eta, horregatik, oso ondo pasatzen dute nirekin. Gaur autobus-geltokira itzuli ditugu.

Munduan, gu

Ohartuko zineten: oso urte gutxian, hiztegia aldatu zaigu/dugu. Gure mingainak atzo arrotz zituen hitzak esaten ditugu gaur; edo zentzua aldatu diogu hainbat hitz ezaguni. Inflazioa eta deflazioa bereizten-edo ikasi dugu. Erreskateak ez garamatza, lehen kolpean, mendiko istripuetara edo bahiketaren batera: ekonomia erreskatatzeko aitzakian, pobrezia hitza erreskatatu dugu gordin-gordin.

Etorkizuna dugu izu, baina ez, atzo arte bezala, txinatarren edo lehergailu atomikoen kulpaz: izango dugun bizitza egunerokoak izutzen gaitu. Azken urteotako bizi-maila atzera ezina zelakoan, jakin berri dugu 300.000 euskal herritar bizi direla pobrezian; hamar biztanletik bat, erraz esaten da. Eskubideak betirako zirelakoan, guztiz utzi gaitu jota haien hauskortasunak (zehatzago esateko: gure hauskortasuna gelditu da popa bistan, eskubideok defendatzeko kemen faltagatik).

Mundua aldatu zaigulako ari gara aldatzen hiztegia.

OHARRAK (Post scriptum)

Ariketa polit bat: gogoratu zer ginen/zer geneukan orain lauzpabost urte, berritu zein ziren gure kezka nagusiak, irudikatu gure lantokiak eta laneko lagunak, pentsatu nolakoak ziren gure kaleak, hausnartu nola aldatu den bai giro politikoa bai giro soziala

Angelu itsua

Angelu itsua. Angelu galdua, hila, mortua. Autoetako atzerako ispiluak harrapatzen eta islatzen ez duen angelu arriskutsu hori, istripu ustekabeenak eragiten dituena. Horregatik, angelu itsuak arreta osoa eskatzen digu, batez ere norabide aldaketetan: halakoetan, burua jiratu eta ispiluak erakusten ez duenari begiratzen diogu. Horratx bizitzan ere: seme-alaben nerabezaroak

Kalkuluak

Iragarritako haustura baten kronika argitaratzen hasi dira. Kapituluka. Hauteskunde autonomikoak hurbiltzen ari baitira, PPk eta PSE-EEk (batez ere sozialistek) beharrezkoa dute haustura eszenifikatu eta adostasun falta antzeztea. Beti bezala, Egigurenek hitz egin du garbien: Jaurlaritzako ituna hausteko ordua dela abisatu du. Segidan, lehendakariak keinutxo doblea egin du, Egigurenen hitzak ezetsiz, baina, bestalde, Otegik kalean behar lukeela erantsiz.

Itunak ez du porrot egin: sozialistek ezin dute botoa eskatu PP eskutik dutela, hori da guztia. PPkoek jango lizkiokete botoak. Eta EAJk. Kalkulu bat, beraz, porrota bainoago: hauteskundeen ondoren kriskitinka berrituko lukete oraingo itun bera, bozek aukera emango baliete.

Aspaldi idatzita zeukaten hausturaren kronika. Kalkulatuta ez zeukatena, I

Desikasten

Maiatza hasieran Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresua egingo da Donostian. Bilkuraren goiburuak Aprendiendo a desaprender dio gazteleraz. Euskaraz, ordea, Ahazten ikasi. Itxura batean, itzultzaileari beldurra eman dio desaprender aditzaren desikasi ordainak.

Desikasi eta ahaztu ez dira, ordea, gauza bera. Desikastea, boluntarioa da. Ahaztea, sarrienetan, ez. Desikasteak kontzientzia aktiboa eskatzen du, kontzientzia: huntaz edo hartaz ikasitakoak ez dizu balio, eta, traba egiteaz gainera, inertziez gainezkatu zaitu. Dematzagun Altuberen eredu sintaktikoa eta garbizaleen lexikoa: zenbat neke eredu txit jatorron hainbat alde desikasi eta euskal perpausa arintzen saiatzeko!

Gainera, desikasi aditzak tradizio txit polita du gurean. Larramendiren hiztegiak dakar. Andoaindarra fidagaitza zaionari, fidagarria(go)a egingo ahal zaio desikasi irakurtzea Mitxelena, Koro Navarro, Sarrionandia edo Juan Garziari

Aberria

Aberri eguna, eta amonaren deia esanez ezingo dutela umea zaindu; hilaren bukaerako amildegia eta hilaren hasierako zuloa; kontuak egin dituzte enegarren aldiz, baina hipotekaren zuloak hondorik ez: iritsi ezinak ahaide du kabitu ezina; amets egin nahi lukete, baina ez dute gogoan noiz joan ziren azkenekoz zinera; premiak handi dira eta miseria txikiak ugari kontziliazioaren paradisuan, eta ikasi egin nahi dute duintasunez eramaten nahiaren eta ezinaren borroka-tokiko ekaitzak; baina gasolinak berriro gora egin du, argiak ere gora, eta gora gasak, eta urak, eta telefonoak, eta zergek ere; erosketen zerrendan umeen esne-hautsak eta yogurtak apuntatu dituzte, baina garagardorik ez; batek lana galtzeko arriskua du eta besteak arriskutik libratzeko lanak; orduak pasatzen dituzte interneten aukera merkeenen bila; zer, ikusiko al dugu albistegia?, bale, baina gero hik aldatu fardela umeari

Pertsianak

Lavorare stanca, lan egiteak nekatu egiten du, zioen Cesare Pavesek. Monasterioetako fraideek, bibliotekan nekatutakoan, baratzean hartzen zuten atseden. Baina guk ez dugu baratzerik. Bai, ordea, pertsianak. Goizean goiz askatu ditugu; eskuila batekin gogotik igurtzi eta gero, urte guztiko hautsen geruza kentzen eta pinturaren distira itzultzen saiatu gara; azkenik (lanik zailena), beren gontzetara itzuli ditugu. Pertsianak garbitzen ari ginen bitartean, egunon jatorrizko zentzua berritu digu irratiak Johann Kuhnau-ren Tristis est anima mea (Triste dago nire arima) motetearekin. Ez da beharrezkoa sinestuna izatea gurutzeko tragediak daukan indarra barneratzeko: gizakiaren historian, Kristorena da, seguru asko, heriotzak izan duen errepresentaziorik goratsuena, bai gizakiaren barne-muinetan, bai gizakiaren emaitza artistikoetan.

Pertsianak distiratsu eta leihoak garden gelditu zaizkigu.

OPORRAK (Post scriptum)

Bihar ez baita egunkaririk izango, zilegi bekit pertsianak ixtea neuk ere, egun batez badarik ere.

Binomio fantastikoa

Hartu errealitateko gauza guztiz naturalen bat, demagun katua, hartu errealitateko beste gauza guztiz naturalen bat, demagun botak. Uztar ditzagun biak: botadun katua ateratzen zaigu. Gianni Rodarik binomio fantastikoa deitu zion bi gauza naturalekin zerbait harrigarria imajinatzeari. Mekanismo berarekin sortuak dira sirenak, lanpara miraritsuak, Mateo Txistu hegalaria