Oasia

Basamortu lehor kiskalgarriaren erdian, oasiaren gozoa, hain freskoa eta hain landaretsua! Espainiako selekzioko jokalariek Europako Kopan finalistak izateko balentria lortu zutenean, Iker Casillasek oasia aipatu zuen:

Gaitzak

Emakumeak ezin du geldirik egon, dardarka dauzka gorputzeko atal guztiak, besoak astintzen ditu airean, min sorgorra du denbora osoan. Astero ikusten baitut, zer moduz zegoen, eta horrelakoak galdetzen nizkion hasieran. Esker oneko irribarrea egin, eta erantzuten hasten zitzaidan, baina hitz bi esan orduko trabatzen zen, eta ezintasunak haserretu egiten zuen. Galderak egiteari utzi nion, baina ahalik adeitsuen agurtzen segitu dut. Astetik astera, okerrera egiten ari da nabarmen.

Atzo arte, iraganik, ingururik, historiarik gabeko emakume bat zen niretzat. Emakumea eta gaitza: horra kontakizun guztia. Atzo, senitarteko bat ezagutu nuen. Kontatu zidanez, emakumeak dozena bat urte latz pasatu omen zituen bere senarra zaintzen. Gizona hil eta gutxira, senarraren gaitz degeneratibo bera zuela ohartu zen emakumea. Medikuek diotenez, kasualitate hutsa omen da biek gaitz bera garatu izana. Bizitzak badaki puta izaten.

Eztabaida

Politikarekin zerikusi zuzena duen zerbaitetaz ari zarete eztabaidan. Izan liteke errepideez; edo presoei buruz; agian botiken murrizketa da zuen arteko eztabaidaren kausa. Berdin dio gaiak. Zuetako bakoitzak sutsu defendatzen du bere ikuspegia, nork bere iritziari eustea da muntakoena, inork ez du amore emateko asmorik agertzen. Berotzen doa giroa, gero eta ozpinagoak dira hitzak, tabernako musika eta builari gaina hartzerainokoa da darabilzuen tonua.

Halako batean, lagunetako batek bere ahotsa entzunaraztea lortzen du:

Zulo beltzean

Elena Asins-en KMko erakusketako Zulo Beltza instalazioan sartu naiz, eta neure baitako zulo beltzak esaten dit: bere lan artistikoan gero eta xehetasun gehiago ikasten ari dena beti doa ilunpean, aurretik zekiena atzean utzi beharra baitauka ezer berririk lortu nahi baldin badu. Arriskatu beharra dauka. Hautsi. Eten. Aurrez ikasitakoaren eskutik askatu, umea amaren eskutik askatzen den bezala oinez ikasiko badu. Umeak beldurra sentitzen du, eroriko dela uste du, mina hartzeko arriskuan dago, baina hara non amaren eskua utzi eta pauso bat eman duen, gero beste bat. Kontu segurua da eroriko dela. Baita jaikiko da, berriro beste pauso bat emateko.

Artistak ere halaxe: aurretik zekiena atzean uzten ez badu, aurrekoari lotuta segituko du, dakienaren esklabo. Eta antzu, itsu, etorkizunik gabe. Artista nahi duenak ez badu arteak eskatzen dion arriskua hartzen, ez da artista izango. Ez, behintzat, benetako artista.

Landaren langak

Laissez faire, laissez passer. Utzi egiten, utzi pasatzen. Utzi, utzi libre, diruak ez baitu usainik, ez baitu mugarik, ez baitu aberririk. Utzi, utzi ahal duenari nahi duena egiten. Utzi espekulatzaileei diruaren globoa puzten eta puzten, eman aukera guztiak birikak dituenari, ez jarri langak landari. Globo lehertutakoan, ordea, estatuak dardarka hasten dira: hain libreki globoa lehertu duten espekulatzaile madarikatu aseezinek jende saldo handia eraman dute hondora berekin. Eta estatuek, oso baitira bihozberak, libertatearen logika errespetatzen segitu ordez eta hondoratu dena zulorik beltzenean usteltzen utzi beharrean, komedia komediantea protagonizatzen dute: globoa lehertu dutenei globo berria oparitzen diete, inolako ordainik gabe oparitu ere.

Merkatuaren landak langarik gabe eta beti bezain libre segituko du, laissez faire, laissez passer praktikatzen. Sistema kapitalista deitzen diote.

OHARRAK (Post scriptum)

Ekar dezadan auzia kulturaren plazara:

Esparru urriko hizkuntzek eta kulturak hil ala bizikoa dute, aurrera egingo badute, administrazioaren eta administratuen arteko hurbiltasuna, kolaborazioa eta baita konplizitatea ere: bakoitzak bere nortasunari uko egin gabe, elkarren arteko mugak ondo markatuta, batak bestearen plaza konkistatzeko asmorik gabe eta bi-biek garbi ikusita laissez faire ereduak merkatu itsuaren atzaparretan uzten gaituela.

Erlikiarena

Estatuak (guk) ia 25.000 euro ordaindu zituen Manuel Marin espainiar Kongresuko presidentearen argazki bategatik. Estatuak (guk) 82.000 euro Jose Bonoren erretratu bategatik. Francisco Alvarez Cascos ministro ohiak pintorea aukeratu zuen, Antonio L