Sugearena

Ipar Carolinan bi buruko suge bat agertu da. Bi muturretan, buru bana. Isatsik ez. Bi buru pentsatzeko, bat aurrean eta bestea atzean. Bi buretatik zeinek erabakitzen du, ordea, alde batera edo bestera joatea, atzera edo aurrera egitea? Bi buruek elkar hartu beharko dute, bestela sugea erotuko da. Edo bestela, biak ez badira bat egiteko gai, buruetako batek hozka egin nahiko dio besteari. Indar

Ederrean bat

Antzinako greziarrek zerura begiratzen zutelarik, kosmosa (orden ederra, grezieraz) goresten zuten. Unibertsoa kosmos zuten: txit eder ordenatua. Bada, halaber, jatorri amerikarreko lore txiki bat, koloretsua eta oso ederra, kosmos izena jarri ziotena bere edertasunarengatik. Unibertsoaren errealitate neurrigabea eta lore txiki apal batena, izen berdinarekin uztarturik. Ederrean bat, izenez eta izanez.

Adituek esan berri dute aldaketa klimatikoak bost milioi pertsona hiltzen dituela jada urtero. Landareen eta animalien ehunka espezie galtzen ari da eragin berberagatik: tartean, kosmos izeneko loretxoa. Ez gara gai

Harrikada

Gobernu zentralaren Madrileko erkidegoko delegatuak Cristina Cifuentes du grazia. Prentsaurrekoan ari zelarik Madrileko azken manifestazioen berri-edo ematen Aragoiko Agustinaren pare, datu bat bota zuen harri-harri eginda utzi gintuena:

Memoria

Tonu Judt historialariak jakin zuenean esklerosi laterala zeukala, Memoriaren aterpea izeneko liburu autobiografiko bat idazteari ekin zion oinaze gero eta saminagoek uzten zioten sosegu-une gero eta urriagoetan. Bertan, gauza eder askoren artean, bere testuetan aldez edo moldez beti agertzen den liberalismo neurri gabearen salaketa irmoa egiten du beste behin:

Gau-xarma

Plaza arkupedun eder batean, gauez. Aldian behingo autoenak dira isiltasuna urratzen duten hots bakarrak, plazak ohe handi bat irudi du. Kopa bat hartzetik gatoz gu, eta trenpua alaia badakargu ere, ahalegintxoa egiten ari gara gaua ez urratzeko gure zalapartarekin. Gure arteko giro atseginari pare bat erronda falta zaizkio baldartzeko, plazako etxeetan bizi direnenganako errespetua galtzeko, eta gutarikoren batek ahotsa goratzen duen aldiro, besteok apalago mintzatzeko eskatzen diogu. Gu ere laster erretiratuko gara, loak loti eder asebete batzuk bilakatuko gaitu. Guretzat nahiko duguna errespetatzen ari gara plazan bizi direnei ere.

Gauez lo lasai egin litekeen plazen bedeinkazioa aipatu lagunetako batek, kalaka erdi filosofikoan erdi hordian.

Fatua

Erlijioak eta sinbolo erlijiosoak kritikatik, satiratik kanpo daude? Salman Rushdiek Bertso satanikoak argitaratu eta gero, Jomeini imanak idazlearen eta haren editoreen kontrako fetua bat dekretatu zuen, kontu jakina da. Solidarizatu nahi zutenek, norekin solidarizatu behar zuten? Liburuan agertzen zen sinesmen musulmanaren satirak mindutakoekin ala heriotza zigorrarekin kondenatutako Salman Rusdhierekin?

Izan ziren erreakzioen artean, bat iltzatuta gelditu zitzaidan memoriaren ganbaran. Lustiger monsinoreak, kardenala izateaz gainera Akademia Frantseseko kideak, araztasun guztizkoaz jo zuen auziaren muinera:

Mister Proper

Heriotzak edo gaixotasun larri batek Mister Properren antza dute: biografia baten alde zikin ilunenak ezabatu eta bazter susmagarri guztiak garden-garden uzten dituzte. Heriotzak edo gaixotasunak hori dute: muga-mugako egoera batean dagoenaren guztia barkatzeko, onartzeko, zuritzeko galgan jartzen gaituzte. Hil den edo gaixotasun larriren bat duen baten benetako biografian arakatzea ez da, nonbait, oso elegantea.

Egunotan, Mister Properrek araztasunaren marka guztiak haustea lortu du Santiago Carrilloren heriotzaren eta Esperanza Aguirreren dimisioaren trataeran. Hedabideen onkeriak espektro politikoaren bi muturretako ikonoak santutu ditu gehiegikeriaren aldare berean: gurina bere ere lotsatzeko moduko panegirikoak eta gorazarreak entzun eta irakurri ditugu.

Eskerrak ikono baten biografiari komunismoaren sufrea zerion eta bestearenari frankismoa bedeinkatzen segitzen duen aristokraziaren naftalina-usaina

Kimerategi

Espainiako Erregeak abisatu berri digu ez gaitezela gal kimeren bila. Hiztegiaren arabera eta hitzaren lehen adieran, kimera bat da gezurrezko ilusioa, utopia, proiektu burutu ezina. Erregea independentziaz ari da, independentzia kimera bat da haren esanetan. Burutu ezina. Baina herri bateko gehiengoak aukera hori egiten badu, zer eragozpen legoke burutu ezina zena errealitate bihur dadin?

Hiztegiak kimerari ematen dion bigarren adieran dago erantzuna. Kimerak liskarra ere esan nahi du bai euskaraz bai gaztelaniaz. Independentzia bilatzea liskarra bilatzea da. Eta liskarra itzaltzeko, Espainiak badaki non daukan giltza: Konstituzioan. Halaber, badakigu Konstituzioaren giltzak non daukan sarraila: ejertzitoan. Liskarrean.

Inoiz aipatu dut hemen Kimerategi, ni jaiotzerako desagertua zen Orioko baserri baten izena. Azken mendeetako Espainian Kimerategi bat eraikitzen ari direla ikusi du Erregeak. Hortik abisua.

Zentsura

Joan zen astean Benghaziko enbaxadore estatubatuarra hil zuten. Joan zen ostiraleko otoitzen ondoren, milaka musulman mobilizatu zen mundu arabiarrean, mendebaldeko hainbat egoitza diplomatikori eraso egiteko.

Mundu musulmana sutan da, oraindik estreinatu ez den film baten kontrako protesta egiteko. Filmaren atzean badirudi Estatu Batuetan bizi diren kristau koptoak daudela, eta hango sektore ultra kontserbadoreen laguntza izan dutela filma egiteko.

Oso pelikula kaskarra dela diote. Baina primerakoa balitz ere: protestarik gabe, ez zukeen orain duen oihartzuna izango. Zentsurak, edozein motatakoa izanda ere, horixe du bere buruaren zigor: isilarazi nahi zuena indartzen duela. Zigortu nahi zenak ez zuen agian indar artistikorik, eta zentsuratua izateak ez du pelikula bat edo nobela bat edo pintura bat artistikoki hobetzen. Baina indar morala oparitzen dio eta obra artistikoak bestela izango ez zukeen bidea egiten du.