Gau-xarma

Plaza arkupedun eder batean, gauez. Aldian behingo autoenak dira isiltasuna urratzen duten hots bakarrak, plazak ohe handi bat irudi du. Kopa bat hartzetik gatoz gu, eta trenpua alaia badakargu ere, ahalegintxoa egiten ari gara gaua ez urratzeko gure zalapartarekin. Gure arteko giro atseginari pare bat erronda falta zaizkio baldartzeko, plazako etxeetan bizi direnenganako errespetua galtzeko, eta gutarikoren batek ahotsa goratzen duen aldiro, besteok apalago mintzatzeko eskatzen diogu. Gu ere laster erretiratuko gara, loak loti eder asebete batzuk bilakatuko gaitu. Guretzat nahiko duguna errespetatzen ari gara plazan bizi direnei ere.

Gauez lo lasai egin litekeen plazen bedeinkazioa aipatu lagunetako batek, kalaka erdi filosofikoan erdi hordian.

5 thoughts on “Gau-xarma

  1. Kontu zaila goizeko ordu txikietan, goiztiarrek eta mozkortiek karrikan bat egiten dutenean, lo egin nahi dutenena. Gai istilutsua jaietako musikaren kokagunearena. Erabaki eztabaidagarria batzuen lo egiteko eta bertzeen besta egiteko eskubideena.
    Ez zekiat nola konpon litekeen auzi hau, erran dezakedan bakarra duk gaztetan hordi ibiliak garela eta, batzuetan, isilarazteko uhoitzak bete ur bota dizkigutela gainean. Nolanahi ere den taberna anitzen gehiegizko prezioek karrikak azantzaz (eta azantz-egilez, alajinkoa) betetzen laguntzen ditek.

    Egon bizkor. Ongi lo egin.

  2. Lekua:
    Pariseko hotel bateko bostgarren solairuko korridorea.
    Ordua:
    Gauerdia.
    Aktoreak:
    Zornotzako bikote euskaldun bat eta Madrileko bikote espainol bat.
    Lehenengo ekitaldia:
    Azken agurrak ohera joan baino lehen. Hasta ma

  3. Jaimeri: Lekua aldatuta anitzetan emaiten den egoera den arren, “filmea” Donostiako Zinemaldian aurkeztu beharko hukeen. Zilarrezko maskorra baietz erdietsi!

    Egon bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude