Festa

EAEko herritarroi arraroa egiten zaigu gaurko eguna. Herritarroi, diot, nahiz badakidan generalizazio guztiak direla txarrak. Eguna arraroa da Estatutuaren aldekoentzat eta kontrakoentzat, euriarentzat eta eguzkiarentzat, festa ospatuko dutenentzat eta lana egingo dutenentzat. Egingo nuke arraroa egiten zaiola baita Patxi Lopez lehendakariari ere. Baina arrarotasuna ez dator, ene iritziz, orain dela oso gutxi ezarritako festa berri bat izateagatik, edo, nahiago bada, tradizio faltagatik. Estutzen banauzue, ez da arraroa ezta jende askoren ustez goitik behera inposatutako festa baten estigma daramalako ere. Arraroa da, artifizialtasunarengatik. Interes politikoek eraginda, gutxi batzuk festa hori jarri behar zela eta jarri behar zela setatu ziren, eta beren karamelua lortu arte etsi ez zutenen maina baten usaina du.

Baina izan nadin positiboa: nik Sarasateren Euskal Kapritxoa entzunez hasten dut gaurko eguna.

4 thoughts on “Festa

  1. Begi bistan da jai sozialista honek ez duela arrakastarik lortu gure Herrian. Gurean behintzat ez dut ikurrin bat ere ikusi inongo balkoitan. Kontuan hartuta zeinen ataka txarrean dagoen gure industria, nola ezar daiteke, indarrez noski, sarritan enpresen kate-produkzioa etengo duen erakundearen-jai hau? Zer ospatu behar dugu Estatutuko eskuduntza pilo bat Euskadira ez bada heldu oraindik hogeita hamahiru urte pasata gero?
    Gure arbasoak askoz zentzudunagoak izan ziren Aberri Eguna igande batean ezarri zutenean, garaiko enpresen lan-sistema errespetatuz!

  2. Gaur Festa egin dezake Euskal Herriak EAE behintzat, abertzaleek lehengo tornuia hartu dutelako. 2008 PSOE ak hauteskundeak irabazi zituelarik, tripako minik eman zidan Frantziako Telebistan (F24 katean zehazkiago) “Espainiako Euskal Herriak 30 urteko nazionalismoaren horrialdeari buelta eman dio” aditzeak. Haientzat Euskal Herriak Euskaldun nahi izatea kapritxo bat baizik ez zen. Orain borroka armatua bukaturik eta abertzaleak lehengo marran izanik, benetan aro berri bat hasi dela aitor dirogu eta Festa egiteko ziorik ez da eskas.

  3. Iparralde osoan, Nafarroan eta Arabako eskualderik izorratuenean ez diagu batere bestarik ospatu. Gainerako Euskal eskualdeetan ez zekiat deus ospatzekorik duten. Jaimerekin, enegarrenez, arras bat natorrek. Euskal sentiberatasuna duen edonori arraro suertatuko zaiok jai hau, euskaldun guztiok aintzatesten ez gaituen jaia duk eta ospatu nahi dutena Gurerat fitsik ere ekarri ez izana duk, ez zegok ulertzerik.

    Egon bizkor.

  4. Jakes Lafitteri:
    2008 hauteskundeetan PSOEak ez zuen irabazi EAJ-ak baizik. Gertatu zena PSOEk eta PPak gehitu zituzten euren botoak eta, Ezker Abertzalea legez kanpo izanik, EAJren baino gehiago lortu zituzten itun espainol kontra-natura hura zertuz.
    Izan untsa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude