Argazkia

Paseoan, kartel bati eta besteari begira. Jasotzen ditudan proposamen eta mezuetan gaurko gure egoeraren argazki bat ikusi nahi nuke. Ezinezkoa egiten zait. Badakit kanpaina batean gaudela eta kanpainek ez dutela argazki zehatzetarako ematen. Kanpainetan usatzen den estiloak propioagoak ditu marra lodi baldarrak

Karamelua

Gutxi ibiltzen naiz kalean, aitor dut, eta nekez jarrai dezaket azken ohituren trentopika, baina, kuriositatez galdetzen dut, oraingo hautagaiak ibiltzen al dira alderdiaren logoa daramaten lapitzak eta globoak eta giltzatakoak eta kondoiak eta karameluak eta te-poltsak eta pendriveak banatzen? Ohitura baztertu baldin badute, mundua galduan da, eszena gogoangarriak gertatzen baitziren hautagai batek zerbait oparitzen zizunean, ezkon berriek ezkon bazkaritako postretan oparitxo bat egiten dizutenean bezalako detailetxo bat zen hautagaiek egiten zizutena, hautagaiarekin lotuta gelditzen zinen lapitzaren edo kondoiaren bidez, beno, berdin da zerekin, baina lotuta gelditzen zinen. Etxerako bidean, ordea, lapitza edo karamelua patrikatik atera eta zakarrontzira botatzen zenuen, inork ez zintzala ikusi gozokia ahoratzen, nola hasiko zinen ahoa gozatzen lagun artean beti deitoratu izan duzun alderdiko karamelu batekin

Karteleroa

Lehenengo hauteskundeetan, orain ia berrogei urte, umemoko bat zen, eta bere lan guztia errotuladore gorriak hartu eta, nahierara, hautagaiei biboteak edo puru tzar bat edo adarrak edo betaurrekoak marraztea izan zen. Gero, hamasei urte doirekin, alderdi politiko batean hasi zen, eta hauteskunde garaian, aurkari guztien kartelak zikintzea eta hormetatik erauztea izaren zen bere lana. Ederki zaildu zituen ukabilak kontrarioekin izandako liskarretan, eta zaildu zituen hankak ere ertzainen aurretik korrika. Halako batean, ordea, (gertatzen dira horrelakoak), bere alderdiarekin haserretu zen, hautagaiak esandako zerbaitengatik. Urtean joan urteak etorri, berari ere ahaztu zaio esandako hura, baina ahazten ez zaiona alderdiari hartu zion gorrotoa da, eta azken urteetan ez ditu bere alderdia izandako kartelak baino txikitu.

Aurten, ordea, ez du kartel bakar bat hondatzeko pasiorik. Garai berrien seinalea ote den dago.

Higatik!

Franco hil ondorengoko lehen bozetan oso erakargarriak izaten ziren militante askoren etxeetako jardunak, hainbat jende sukaldean edo egongelan bilduta kalakari kalaka, propaganda sartzen gutunazaletan, ordu txikiak arte. Bizpahiru amek eta haien umeek jarduten zuten bereiziki hartan. Lurrean, kartoizko kaxa handiak nonahi, propagandaz beteak. Kutxa batetik gutunazal bat hartu eta gurasoen alderdiko hautagaiaren propaganda sartzen zuten bertan; hartu beste gutunazal bat, eta sartu propaganda. Bitartean, eszena familiarrean falta ziren senideak

Hipotesi bat

Militante baten ingurukoak etxe batean bilduta, hauteskundeetako propaganda prestatzen: ez dakit gaur zenbat ematen den atzo deskribatzen nuen eszena familiarra. Postaria hauteskundeetako gutunazalez gainezka etortzen da gurera. Oraindik ere buzoneatzen da, horixe egia, baina ez garai batean bezala. Talde politiko askotan bukatu da, antza, postontziz postontzi ibiltzea: orain, postariek daramate karga.
Garai batean baino propaganda gehiago ekartzen dute, behintzat, postariek. Alderdi gehienek darabilte posta, baina krisian gaudela ikusita, alderantziz behar luke: gutunazalak prestatzea eta postaren bidea garestiak direnez, logikoagoa ematen du militanteak ibiltzea bai propaganda prestatzen baita buzoneatzen ere. Baina postariak gurera dakarren posta-poltsa bete-betea ikusita, ausart nadin ondorio soziologiko bat ateratzera: talde politiko askoren krisia, ekonomikoa baino areago, militanteena da.

Isilik

Iristen da furgoneta bat moilara, arrantzuntzien parera. Edo herri txiki bateko plazara. Edo merkatu baten aurrera. Jaisten dituzte bertatik oholtzatxo bat eta atril bat, muntatzen dute eszenategi txiki bat, eta laster hautagaia iristen da, bizpahiru lagunekin, argazkilari bat eta kamera bat atzetik dituela. Hautagaia oholtzatxora igotzen da. Lagunak bere atzean jarri dira. Hautagaia mitin labur bat ematen hasten da. Argazkilaria, kamara eta lagunak kenduta, inoren aurrean. Publikorik gabeko jardun bat da, hedabideetan agertzeko antolatua. Argazkilaria fotoak ateratzen hasten da hautagaiari; ez dio foto bakar bat egingo publikoak egon beharko lukeen tokiari. Deprimigarria egiten zaio eszena; deprimigarria bere lana ere. Baina argazkilariak nahiago du txit isilik. Bera da ia publiko bakarra, baina ez du gaizkiulerturik nahi hautagaiarekin: mitintxoa ematen ari denak ez dezala pentsa berari emango dionik bere botoa.

Gristasuna

Emigratu egin dute, hil ziren, beste lanbideren batean ari dira orain? Desagertu egin dira, horixe egia. Guztiz missing daude, eta ez da azken kanpainaren kontua: aspalditik dator auzia. Aspaldi bateko kanpainetako kartelen bizitasuna, ozpin ttantta gaiztoak eta diseinu ausarta galdu ditugu bidean, eta hortik hasierako galdera: non sartu dira, zerk irentsi ditu orduko kartel koloretsu, protestari, ironiatsu haien egile anonimoak?
Azken kanpainetako kartelen panorama zeharo berdindu da. Arruntu. Fotoshop inozoenaren sarean erori. Ez dago imajinazioren izpirik ez esloganetan, ez diseinuan. Ez dago intentziorik, maleziarik, ikuslearen arreta bereganatuko duen gatz-piperrik. Areago: gristasuna da nagusi. Diseinuaren aroan omen gaude, baina oraingo kartelok justu kontrakoa erakusten dute: anti diseinuaren mortua.
Bilania handia aspaldiko kartel haien egileak langabezian egon litezkeela pentsatze hutsa.

Ardura

Politika batere interesatzen ez zaion lagun baten albiste eman zidaten. Oso arduratuta zegoela, eta baita oso kezkatuta ere, datozen hauteskundeen kulpaz. Lehen bozetan, azkeneko momentuan bururatutakoa bozkatzen zuen lagunak. Gero, bozkatzera joateak ehiza edo lagun arteko bazkariren bat galarazten bazizkion, kontzientzia txit lasaiarekin gelditzen zen bozkatzera joan gabe. Azkeneko lauzpabost deialdietan ez du botorik eman. Behin baino gehiagotan astindu izan diot bere nagikeria politikoa, baina lagunak argi dauka: