Lanbroa

Laurogeiren bat urteren bueltan ibiliko den agure bat banketxeko mostradorean. Ez baitu ondo entzuten, usteko du mostradorearen beste aldeko neskak ere entzumen kaskarra daukala, ozenki ari baitzaio, lokalean gauden guztiok bere arazoaz jabetzeko moduan. Agurea lokal txiki baten jabe da, hilero berrehun euro ordaintzen zizkioten alokairuarengatik, horri esker berdintzen zuen hila, oso pentsio txikia baitu, eta emaztea, gaixo. Faktura baten kobrantza atzeratzea eskatzen ari zaio neskari, hilabeteak baitira ez diotela alokairua ordaindu. Guk entzun ez dugun zerbait esan dio bulegariak. Sorbalden mugimenduarengatik, berak ezin duela ezer egin. Agureak ez dio nonbait ondo entzun eta bere arazoa esplikatzen hasi zaio berriro, ahots gero eta kraskatuagoaz. Han geunden bezeroek hasieran eszena irribarrez hartu badugu ere, pixkana-pixkana deserosotasuna barreiatzen hasi da lokalean, itsasaldetik datorren lanbroa bezala

2 thoughts on “Lanbroa

  1. Hamasei oreneko ordutegi suntsigarriak sortu zioan sorgorreria, makineriaren dezibelioen diktaduran bizi izanak ozenki mintzatzerat behartu zian, egoera horrek gainerakoekiko elkarrizketak opera bihurtu zitian, hots, bat oihuka eta bertzeak entzuten. Lan gaitz gaitz-emaileak, aitzitik, ez zekarrean berekin soldata egokirik. Bikotekideak hondar aldian ezin eutsi izan ziok gabezialdiari. Gorputzaren berezko higadurari bizimoduaren exkaxak errematea eman ziok. Bikotea azkenekoetan zegok eta jagoitik ez ditek lehengo kemenik. Halarik ere, agureak liskarrari bazeutsok, horixe duk geratzen zaion bakarra.

    Aunitz urtez beren zergen bidez estatuaren azpiegitura iraunarazi dutenek ez omen ditek duintasunez jubilatzeko eskubiderik, ez ei zaukatek gaixotzerik eta

  2. Badira urteak daramatzagula gure gizartearen pobreziaren ezinegonaz mintzatzen, mintzatzean kontzientziak ernatuko direnaren esperantzarekin, baina hitz tartean esaten ez denarenaz ohiukatu beharko genukelakoan nago, bankuta joaten ez direnen horietaz. Hori hoiek isiltasunean dabiltza irrifarre, gure gorputzen izateak hornituen zenbaki bat besterik ez garen einean. Zaharrak bazuen berriz galdetzeko ohitura, baina eta guk noiz aterako ditugu gure xoxak bankuetatik? Opera berri baten izenburua: Bankuetatik xoxak atera genituen eguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude