Urte zahar egunaren atzetik, urtats, urte berriaren lehena. Egun bat eta bestea berdinak dira, hogeita lau ordukoak dira biak. Oso ondo bereizten ditugu, ordea, esanahiak baitituzte diferente. Bat egutegi zaharrean dago, eta iraganaren sinboloa da: laster zakarrontzian egongo da. Bestearekin egutegi berria estreinatuko dugu. Eta etorkizunari begiratuko diogu bertako leihotik: egutegi berriaren aurrean zutunik, urte hobeago bat izateko esperantza ere berrituko dugu.
Gure eguneroko bizitzaren horma nagusian egongo da egutegia, gure egitekoen akuilu izan dadin, ahalik eta lorpen gehienen lekuko. Baina itxaropentsuenek bezala dakite etsienek ere zein zaila datorren etorkizunaren kudeaketa. Zaila izango da datorren urtea. Zaila hurrengoa ere. Bagenekiena gogorarazi digu Lehendakariak bere lehendabiziko ekitaldi publikoan.
Bitxia da: urtea oso joan zaigu beltz; eta, hala ere, izua eragiten du egutegia aldatzeak.