Tunelak

Atzo arratsaldez, mutil bat trenez, erdi lotan. Durangotik bueltan inondik ere, liburuz beteriko bi poltsa baitzeuzkan oinetan. Nabari zitzaion leher eginda zegoela. Gogoratu nintzen goizean mutilak neska batekin egin zuela, oso txera gozoan, haranzko bidaia. Itzuleran, bakarrik zetorren.

Trena tunel batean sartu zen eta bidaiariak begiak zabaldu zituen, tuneleko zalapartak susto batean esnatu balu bezala. Freudek dio Ametsen interpretazioa liburuan tunel batean doan tren baten ametsak harreman sexualak dituela oinarri. Neskarekin hautsi ote zuen pasatu zitzaidan burutik. Beharbada, mutilak horregatik zabaldu zituen begiak tunelean sartzerakoan: ez zuelako ametsik egin nahi, ez zeukalako ametsak eragingo liokeen frustrazioa sentitzeko gogorik.

Trena tuneletik irten zenean, mutilak liburu bat atera zuen poltsetako batetik. Freuden Ametsen interpretazioa zen.

Bizitzak, kostaldeko trenbidearenak bezala, tunel asko ditu.

One thought on “Tunelak

  1. Beharbada tunelean sartzeak beldurra sortuko zioan, gogoan edukiko zian Belateko tuneletan, adibidez, maiztxo gertatzen dena, alegia, erori egiten direla. Menturaz ez dik horrela hil nahi, agian izuari itzurtzeko duen era bakarra dena ongi aztertzea duk, barne aldeko guztia ongi dagoen egiaztatzea.

    Trenbideak aipatu dituk, Nafarroa Garaian trenbide bakarra diagu, Kastejonen hasi eta Burundako Ziordian bukatzen dena (edo aldrebes, nahiago bada). Tunel gutxi, uneon ez diat bakar bat ere gogoratzen. Lehen genituen bertze trenbide guztiak ezdeustu zitiztean, haiekin baterat, naski, zeuzkaten tunelak. Freudek zioena egia izatekotan, ezdeuste horrekin baterat bidaietako gure amets sexual guztiak ere bertan behera geratuko zituzkean. Orain, aldiz, soilik aberatsek erabiliko duten tren lasterra egin nahi ditek, morala beti ahoan daukatenek eginen dituzten tunelak erabiliko ditiztek beren jarduera sexualak amesteko (burutzeko, nork daki?), gure diruaz eginen ditek, guk hurbileko nahiz gure herrialdeen arteko trenen alde gaudenok ordainduko diagu erabiliko ez dugun arren, gure sosak xahutuko ditiztek beren irritsak asebetetzeko. Ez zekiat nola uztartuko zituzkeen Freudek ebasleak eta hankarte berokoak, baina gure gizarte hau psikoanalistarenganat joateko moduan zegok.

    Egon bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude