Mimosa

Urtarrilean sortzen da gehienetan, otsailean ere bai batzuetan, eta sortu ahala anaiak mimosaren adartxo bana banatzen digu senideoi, urte on baten atari gisa. Aurten, ordea, mimosa aurreratu egin baita, anaia ere aurreratu egin zaigu bere urteroko opariarekin: Gabon Zahar goizez mimosa-adar eder bat besoetan zuela egin zigun bisita, eta eztiaren usain sarkorra oroitarazten duen lurrin gozo trinkoz gainezkatu zitzaigun etxea.

Ukitzen duzunean, hostoa uzkurtu egiten zaio eta ahul itxura hartzen du, lotsatu egin balitz bezala. Etsaiengandik babesteko bere estrategia da. Izena latinezko mimus (mimo antzerki-mota) hitzetik datorkio: mimoak bezala, mimosak ere isilean eta keinu hutsekin agertzen ditu sentimenduak. Ingelesez, aldiz, sensitive plant (landare sentibera) edo touch-me-not (ez ni ukitu) deitzen zaio.

Bihoazkizue urte berriarekin mimosaren usainak ekarritako jakingarri delikatuok.

4 thoughts on “Mimosa

  1. Delikatuak bezain ederrak Anjel, sentimenen eta gogoaren gozagarri! Eta den-denok, -dirudun nahiz dirugabe, landun nahiz langabe-, denok disfruta ditzakegunak

  2. Eta betozkigu beste urtebetez ere, Anjel, zuk ematen dizkiguzun gainontzeko jakingarriak ere, mimosa hori bezain apal bizitzen lagungarri izan dakizkigun. Badakizu, beraz, touch me, jakinaren gainean sensitive izan nadin, zure mimo horien bidez uzkurtu eta zeinen ahul garen gogoan beti ere, baina geure sentimenduak agertzeari uko egin beharrik gabe bizitzen laguntzeko!

  3. Hagitz ohitura ederra landarea oparitzearena. Harekin batera ohikoak diren gomendio nahiz aholkuak oparituko zitian anaiak eta, jakina, urte osorako desiorik onenak. Beraz mimosa, hain landare berezia izateaz gain, maitasuna eta adiskidantzaren ikurra ere baduk.
    Hik igarri jakingarri delikatuei buruzkoak gogo onez hartu ditiagu. Esker mila, kamamila (haurren arteko leloa).
    Egon bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude