Hiru geltoki

Laster geldituko da lanik gabe, edo lehen geltokian diagnosiaren zain egon behar urduria. Lanik gabe gelditu da, edo bigarren geltokiko epaia, mazo-kolpe bat bezalakoa. Lanik gabe segitzen du, edo hirugarren geltokiko gaitzaren iraupen kronikoa. Hiru geltoki, gaitz beraren hiru fase.

Azken albisteak dio Corrugadoseko langileak lehen geltokitik bigarren geltoki gorrira bota dituztela. Hirurehun langile gehiago, horizonterik gabeko kezkuraren zangan, amaierarik ikusten ez zaion amesgaiztozko tunel beltzean. Albistearen une berean, auskalo beste zenbatek egingo zuen bat Corrugadosekoekin bigarren geltoki berean. Ehunka eta ehunka kasu egunero. Bakoitzaren mina, ordea, guztiz da desberdin partikularra bestearenetik. Hemorragiak ez du etenik. Hemorragia gelditzeko abildade faltak ere ez.

Lan ezaren kezka, horizonte ezaren laztura. Gero eta traza beltzagoak hartzen ari den, gero eta gehiago barreiatzen ari den kezkura.

4 thoughts on “Hiru geltoki

  1. Odolusteak ez dik amaierarik. Egunero hazten duk kalegorriratuen zenbakia. Zenbaki hotz horren gibelean, aldiz, jendea zegok. Seme-alabak dauzkan jendea, aldez aitzinetik denon artean erreskatatu dugun bankuarekiko zorra osatu behar duen jendea, etxe berrirat sartu zelarik burua asmo onez betea zeukan jendea, etorkizunari bere lana eta osasunaren bidez aitzi egiteko gauza den jendea, bere lanpostuan ardurak ongi betetzeko erantzukizuna bere egin duen jendea

  2. Anduren zutabea irakurri ondoren, zerbait gehitzekotan amorratzen nintzen, hain urbil ikusten baitut Euskal Herriko langile askoren etsipena, tristura, beldurra, desesperazioa… baina, Txantrearen erantzuna irakurri ondoren, esan daitekeen den-dena esanda dagoela aitortu behar dut eta behargin askoren izenean: ESKERRIK ASKO BIOI bihotz-bihotzetik!!

  3. Langabezia gero eta handiago bada, fabrika eta enpresa gero ta gehiago ixten badira, mundalizazio kapitalistarengatik gertazen dela gero eta argiago da. Horren aurkako sendagaia bekatutzat duten protekzionizmoa. Edozein pertsonak bere burua zaintzen duen bezalaxe estatu batek, herri batek edo herrialde batek bere ekonomia eta nortasun kulturala zaintzeko eskubidea du. Mundalizazioa (Kapitalista) etorkizunarako bidea delako errefrau hori burutik kendu behar da.

  4. Jaime miretsia: nik egundaino erdietsiko ez dudan “jubilazio” egoera lortu duan horrek baduk, naski, zer gehitzerik asko. Hire hasierako asmoak zertan geratu diren ebasle profesional hauei esker, adibidez. Edo eta ondorengoei utzi diean geroa nola okertu zaien hik heure onena eman baduk ere.

    Betiko lakastek (akainek) gurea ez ezik, gure seme-alaben odola ere nahi ditek. Kontua halaxe duk: haiek ala gu.

    Egon bizkor adixkide!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude