Ilunpean

Lagun baten etxean geundela afaltzen, argia joan zen. Luze jo zuen lehen minutuak, luzeago bigarrenak. Etxe honetan ez al dago kandelarik!, bota zuen batek. Ez zeukaten kandela ziztrin bat ere. Agian ez zeukaten pospolorik ere erretzeari laga ziotenetik. Eskerrak ilargi betearen argiak gure plateretakoa erdi ikusten lagatzen zigun!

Hamar minutu doi iraun zuen argi faltak, baina aski izan zen mahai inguruan geunden guztion gogoa iluntzeko. Argi elektrikorik gabeko mundu bat aipatu zuen afaltiar batek, argi elektrikorik gabeko mundu bat imajinatzen hasi ginen guztiok. Akabo egun ezagutzen ditugun moduko gauak, agur gure sukaldeetako erosotasunari, ixo irrati-telebistak, adio betiko Interneti! Munduaren akabera ezagutuko dutenak ez dira gu geunden baino askoz ere abailduago sentituko.

Argia egin zenean, Bibliaren hasierako fiat lux! hartan unibertsoak sentituko zuen poza etorri zitzaidan burura.

3 thoughts on “Ilunpean

  1. Ilunpean egotea norberak bere burua topatzea da. Ilunpean konturatzen gara gure gorputzeko atalaz. Meditazio sakon bat egiten dugunean, begiak ixten ditugu eta ilunpean geratzen gara. Sarritan, begiak itxita, argia egiten da gure barrenean eta egunaren argitan topatzen ez genuen problemaren irtenbidea barrengo ilunpean argi eta garbi agertzen zaigu bat-batean. Argitzapena lortu duten mistikoek, ilunpean eta isilpean izan da beti. Baina gaurko Lehenengo Munduko gizakia isiltasuna eta iluntasunaren beldur bizi da.
    Orain dela urte mordoxka bat, emaztea eta biok Karrantzako leizeak ikustera joan ginen. Guztiz interesgarria gertatu zitzaigun bisitaldi gidatua. Bitarte batean, gidariak proposatu zigun probatxo bat : berak esku-argia itzali eta denok bi minutuz isilik egon isiltasuna entzuteko. Ba, aizue, ezinezkoa izan zen; ez zen minutu bat ere igaro eta eztultxoak hasi ziren eta egoera hura jasaten ez zuela aitortu zuen neska batek. Ez genuen isiltasuna entzun!!
    Beste aldetik, ez dut uste gaizki letorkigukeenik elektrizitate barik bizitzea denboraldi batez pentsatzeko eta meditatzeko nola erabili dugun elektrizitatea, zer izorratu honen bitartez eta zer egin beharko etorkizun batean sortu dugun mundu puta hau ez errepikatzeko.

  2. Berriki joan den mendearen erditik hutsik zegoen herri berreraikitzen hasitako bat ikusteko parada izan diat. Lanik eta gerorik ezak hustu zuen herria antolatzen hasi zituan bertarat iritsitakoak. Hondarrak baizik ez zeuden tokian etxeak (bir)sortu zitiztean mende erdi luzez barreiaturiko harriak eta zurak erabiliz. Ubideak prestatu eta upel handi batzuetarat bideratu zitiztean, labe bat antolatu zitean, zuhaitzak zaintzen ari(tu) dituk, abereak baditiztek

  3. Batzuetan argirik gabe egotea on litzaiguke XXiaren mendeko kontsumitzaile porrokatueri. Janaria gordetzeko, telebista edo interneta moderazioz erabiltzeko behar dugu argi indarra, bainan geihegikerietan sartu gabe: norberak bere telebista, konputagailua, joku elektronikoa, urrutizkin mugikorra eta abar luze bat soberazkoa. Kontutan hartu behar da soberazko argindarra nukleartegietatik datorkigula eta hori oso ezezkorra dela (Txernobil, Fukushima Garona???). Bainan argindarrarentzat erabiltzen den enerjiaren aurrezteko arratsaldeko zazpietatik aurrera kaletako eskaparate eta megadendetako argiak eta propagandak mugatu beharko lituzkete botere publokoek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude