Libertatea

Laissez faire, edo utzi egiten. Eman, eman askatasun osoa diruari. Eten sokak eta apurtu kateak, kapitalak berez daki-eta bere bidea egiten. Kendu arauak, urritu legeak, merkatuak baditu-eta bereak. Ziurtatu bakea, zaindu jabego pribatua, gobernuak muga bitez beren zeregin nagusiok betetzera. Langaiak merke erosi, manufakturak garesti saldu, etekinak sakratuak dira. Merkatu libre batean, lan merkatuak ere libre behar du. Alfonbra gorria espekulazioari, doako barra enpresari eta bankuei, gobernu lokalen konplexu probintzianoa finantzen unibertsaltasunari.

Laissez passer, edo utzi pasatzen, ez hartu lapurtu digutenen eta hondoratu gaituztenen kontrako neurririk. Zaindu, zaindu kapitala, babestu bankuak, bultzatu espekulazioa, praktikatu ustelkeria, saritu aberatsak eta zigortu pobreak, ustiatu mundua eta gizendu altxorrak, libertatea behar baitugu, oi, libertatea, zein eder den gauza batzuetarako

2 thoughts on “Libertatea

  1. Zuk esandakoa zoritxarrez gertatzen ari da. Hau da thatxerismoaren edo thatxekeriaren ondorio latza.
    Babes ekonomikoak behar dituzte Europako herriek eta langilegoak. Frantziako eta Europako ehungintza ia osoa izorratu du Txinak. Arropa merkeak erostekotan Bengladesheko 800 langile xumeren heriotzaren erantzunpea, zuzenean ez bada ere, badugu; Asiako herrietan nanoteknologi berriko tresnak erostekotan langile eta ikasle gaixoen zapalkuntza bermatzen dugu. Boikota orokorra eta argia egin beharko genuke horren aurka ekin dezagun.

  2. Askatasunaren izenean sekulako gezurrak eta bortizkeriak egin ditiztek. Bizitzeko gutienezko baliabideak denon eskubide izan arren, denondako ziurtaturik ez dauden bitarte lazgarrian, kontsumismoa erakutsi zigutek askatasunaren gorena balitz bezala. Soldata mingarridun langileen izerdi eta odolari esker, nehoiz ere izerdi egin gabeak diru gaitzak irabazten ari dituk. Baduk hau guztia iraultzeko tenorea, askatasuna denon eskubideak bermatzean zetzak, ez ahalik eta zapata kopururik handiena erostean.

    Egon bizkor.

    Hondar oharra:

    Bururat aspaldiko kantu hau etorri zaidak
    Kapitalismoak dakarren
    katai ta zapalketa
    izan dadila guretzat
    indar askatzailea.

    Nagusi lantokietan
    baserri ta eskoletan
    gure herriko nausiak
    izan arte aurrera.

    Aurrera langileria
    aurrera herri-gizona
    etsaiak puskatu arte
    jo dezagun aurrera.

    Langile, nekazariak
    euskaldun guztiak
    ez dezagun gura herrian
    klase diferentziak
    egin dezagun biharko
    Euskadi sozialista bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude