Adina

Berrogeita hamar urtetik gora, langabeziaren desditxa, ate bat eta beste bat ixten ikustearen atsekabea. Tipo gogorra izan da beti, lanak ez du kikiltzen. Baina adinagatik galdetzen zioten ate guztietan. Azkenean, txiripa batek arrantzarako bidean jarri zuen. Bera kostakoa da, baina itsasoa arrotz zitzaion, oso arrotz. Hala ere, tripetako desosegua jan, eta arrantzan hasi zen, berdeletan, antxoatan, legatzetan. Eginak ditu hamalau orduko lan-egunak, sareak botatzen eta biltzen, legatzak saretik askatzen. Ez du sekula hain lan gogorrik egin, adina zama zaio, balda-balda eginda oheratzen da gauero, baina ez du etsi nahi. Latzagoa omen zaio bere buruarekin daraman lehia sarearekikoa baino, oraindik ere balio duela erakutsi nahi baitu. Ez dela ontziko inor baino gutxiago. Ohituko dela, ohituko dela, ohituko dela, egingo duela aurrera

2 thoughts on “Adina

  1. Izugarri haserretzen nauen kontua duk adinarena (gai honetan). Alde batetik, goiko agintariak behin eta berriz errepikatzen ari zaizkiguk hiruretan hogei (eta handik goragoko) urtekoek lan egiten ahal dutela luze, erretretan sartzea benetako luxua dela.

    Aitzitik berrogeita hamar urtekoek lan eske doazenetan zaharregi direla adituko ditek.
    Egungo lege arautegia ikusita hiruretan hogeita zazpi urte bete arte ezin jubila daitekek nehor. Galdera agerikoa, begien bistakoa, edonori otutzen zaiona zera duk: zein lantegitan ziurtatzen diote berrogeita hamar urtekoari hamazazpi urtetako lana? Erantzuna ere edonori burura dakiokek: nehon ez. Beraz, hil arte jubilatu gabe lan eginarazi nahi digutenek zergatik dioskute, hurrengo esaldian eta batere ahalkerik gabe, zaharregi gaudela lanean jarduteko? Kontraesana haiena duk. Eta mundu guztia izorratzeko ahalmena, ere. Esklabistak!
    Egon bizkor.

  2. Gure Txantrea adiskidea, betiko lez, zuzen. Eta hain zuzen non ez baitiot ezertxo ere gehituko berak idatzikoari.
    Beste adar batetik begiratu nahi nuke Anduk plazaratutako kasua. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula arrantzarako bidetik hastea adina honetan. Ez horixe! Kostaldekoa izan arren, nolabaiteko tradizioa eduki behar familian arraina bezain eroso aritzeko Kantauriko uretan. Ez dakit zein zen galdutako lana, baina gogorra izanda ere, itsasoko lanak gogorrenetarikoak dira, horretan ez dago dudarik. Pentsa, berrogeita hamar urterekin ontziko hogei-hogeita hamar urteko morroskoekin lehiatzea!!
    Nolakoa izan behar gizon honen barruko drama: esfortzuak egitean adinak ezartzen dizkion mugak, ontziak eragiten dion zorabioa, markatutako mailaraino ez heltzearen beldurra, sarritan sentituko duen ahuleziak buruko pantailan aterako dion emakume eta seme-alaben argazkiak falta zaion indarra emango dio aurrera jotzeko, eta hainbat eta hainbat arazo eta beldur lan berrian agertuko zaizkionak!!
    Eta etxekoek, zenbat aldiz kontsultatuko dute egongelako barometroa, aita itsaso beltzean bere bizitza arriskatzen duen artean. Bizitza aurrera atera behar duk, txo! Nola edo hala!
    Badakizue? Hau bezalako heroiak, eta honen moduko hainbatek, urrezko eredua izan beharko lukete gobernatzen(?) gaituzten putakumeentzat. Arraioak!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude