Ostirala

Gaur, egun osoz, ostirala. Astebururako ataria. Erne, ordea, ez gehiegi poztu, ostiralero bezala, gaur ere Espainiako Gobernuak asteburua ozpinduko digu-eta auskalo zein neurri berrirekin. Ulahop! egin, eta neurrion astungarri berria botako dute aurreko ostiraleetan hondoratutakoaren gainera. Zementu fresko-freskoaren bermea du astungarriak, polizia nobela askotan bezalakoa. Hango orrietan, gaizkileek zementu berriz betetako zangetan hondoratzen dituzte hilotzak. Eskuinak, aldiz, mende oso bateko lorpen sozialak dituzte hondoratzen. Zementuak ekarri gintuen hona, zementura goaz berriro. Zementua txit baita eraginkorra, eskuinak ez du sekula zementu faltarik izan. Ez aurpegian, ez negozioetan, ez zangetan. Protestek, aldiz, axola gutxi: zementua gustatzen ez zaionari, hormigoi armatua.

Ostirala, berriro. Egunak neurri berriak ekarriko ditu. Ohituragatik. Eta gaurkoan baita Aznarri kontra egiteagatik ere.

OHARRAK (Post scriptum)

Bale, nabarmen gelditu naiz iragarle gisa: badirudi azken bolada luzeko ostiralik lasaiena izan dutela egoera orokorrak eta gure patrikak. Ozpinduta segitzen dugu, baina gaurko egunak ez du zerikusi handirik izan gure ozpinduran.

Edo sinetsi egin beharko dut Aznarri obeditu diotela, eta zerga berriak asmatu ordez, orain artekoak beren horretan utzi dituztela sikiera?

One thought on “Ostirala

  1. Halandaxe jazo dok azken hilabeteotan, murrizketarik murrizketa eroan gaitiztek Madrilgo agintarixak, beti asteko azken lanegunean etorri zaizkiguk gitxitze mingarriegaz. Txiripa hutsa izan leikek, baina agian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude