Erantzuna

Ertz askotako debate politak sortzen ari dira Miren Agur Meaberen azken liburuaren harira. Tartean, generoari buruz. Nobela bat da? Nobela gisa irakurri nuen nik, nahiz Meabe hurbilegi daukagun testuarekin distantzia hartzeko. Jarraitzekoa izango da liburuak izango duen harrera beste hizkuntzetan eta Meabe ezagutzen ez duten tokietan. Testua egongo da biluzik, testua baino ez. Baina adituek baliote ere ez dela nobela bat, irakurleoi bost. Literatura da. Letra larriz.

Urteotako krisiak areagotu egin du euskarazko liburugintzaren krisi estruktural betikoa. Baina aldi berean, krisiaren bihotzean, pieza apartak ematen ari da euskal literatura. Twist, Martutene, Kristalezko begi bat (nobelak) edo Bitan esan beharra (poesia) argitalpenen zerrendatxo kronologikoa ez da lista oparo baten erakuskaria baino. Literatura azkenetan ote dagoen edo inoiz baino biziago, gurean enpirikoa da erantzuna.

Adina

Berrogeita hamar urtetik gora, langabeziaren desditxa, ate bat eta beste bat ixten ikustearen atsekabea. Tipo gogorra izan da beti, lanak ez du kikiltzen. Baina adinagatik galdetzen zioten ate guztietan. Azkenean, txiripa batek arrantzarako bidean jarri zuen. Bera kostakoa da, baina itsasoa arrotz zitzaion, oso arrotz. Hala ere, tripetako desosegua jan, eta arrantzan hasi zen, berdeletan, antxoatan, legatzetan. Eginak ditu hamalau orduko lan-egunak, sareak botatzen eta biltzen, legatzak saretik askatzen. Ez du sekula hain lan gogorrik egin, adina zama zaio, balda-balda eginda oheratzen da gauero, baina ez du etsi nahi. Latzagoa omen zaio bere buruarekin daraman lehia sarearekikoa baino, oraindik ere balio duela erakutsi nahi baitu. Ez dela ontziko inor baino gutxiago. Ohituko dela, ohituko dela, ohituko dela, egingo duela aurrera

Lur bila

Bostoneko agintariek arazoak omen zituzten Tamerlan Tsarnaev-en gorpua lurperatzeko, inork ez baitzuen bere herriko edo auzoko kanposantuan nahi. Azkenean, lurperatu omen dute. Non, inork ez daki. Zurrumurruen arabera, Bostenetik urruti, Massachusetts estatutik kanpo, behar du.

Kontsiderazio ugari egin daiteke etikatik, politikatik, antropologiatik

Orfidala edo kontzientzia lasaia

Politikari askok aipatzen du bere kontzientziaren lasaitasuna neurri gogorren bat hartu izana zuritzeko. Hala egin zuen Aznarrek Irakeko gerraren auzian: garrantzi gehiago eman zion bere kontzientziaren argudioari hondamendiaren zangetako milaka biktimen tragediari baino. Kontzientziaren lasaia aipatzen du Raxoik ere bere neurri ekonomikoen kordel luzeak gure gerriak estutzen dituen aldiro. Berriki, kontzientziaren lasaitasuna lehenetsi du Gallardonek abortuaren lege berriak ekarriko dituen kalte guztien gainetik.

Kristautzat dauzkate beren buruak eta uste dute betebehar kristaua dela kontzientzia lasai edukitzea. Baina ni nago kontzientzia sano batek atezuan behar duela egon, artega eta ez lasai, galdezka beti eta sekula ez seguru: lasaitzea da kontzientziari gerta dakiokeen gaitzik minena.

Baina gotzainen eta Gallardonen kontzientziek lege berriaren orfidala behar dute, nonbait, lasai lo egiteko.

OHARRAK (Post scriptum)

Kontzientzia lasaiarena ez da, noski, politikarien moopolioa. Denok erabiltzen dugun argumentua da, baina maiz hartutako erabaki polemiko baten ondorengo alibia izan ohi da.

Lekuz kanpo

Zerbitzari berri batek atera zidan atzo eguneroko kafetxoa. Lotsati, ezker-eskuin begiratzen zuen, barrako lankideen oniritziaren bila balebil bezala. Kafea puntuan zegoela esan nion, neska animatzeagatik batik bat. Bezero bat hurbildu zen barrara, eta neska ikusita,

Libertatea

Laissez faire, edo utzi egiten. Eman, eman askatasun osoa diruari. Eten sokak eta apurtu kateak, kapitalak berez daki-eta bere bidea egiten. Kendu arauak, urritu legeak, merkatuak baditu-eta bereak. Ziurtatu bakea, zaindu jabego pribatua, gobernuak muga bitez beren zeregin nagusiok betetzera. Langaiak merke erosi, manufakturak garesti saldu, etekinak sakratuak dira. Merkatu libre batean, lan merkatuak ere libre behar du. Alfonbra gorria espekulazioari, doako barra enpresari eta bankuei, gobernu lokalen konplexu probintzianoa finantzen unibertsaltasunari.

Laissez passer, edo utzi pasatzen, ez hartu lapurtu digutenen eta hondoratu gaituztenen kontrako neurririk. Zaindu, zaindu kapitala, babestu bankuak, bultzatu espekulazioa, praktikatu ustelkeria, saritu aberatsak eta zigortu pobreak, ustiatu mundua eta gizendu altxorrak, libertatea behar baitugu, oi, libertatea, zein eder den gauza batzuetarako