Gertatu aurretik

Gertatzen zaigun den-dena gertatzen omen da gauzatu baino pixka bat lehenago, hala irakurri diot liburu bati. Bete-betean egia den, ez dakit, baina esaldiak eremu emankorra zabaltzen dio irudimenari. Berlingo harresia guk erortzen ikusi aurretik zegoen erortzen hasita. Traizio bat gertatu aurretik dauka traidoreak saldukeria imajinatuta, kalkulatuta eta gauzatuta. Hiltzera doanak hil baino instante bat doi lehenagotik daki

Sesioa

Hitz egin behar dugu, esan dio neskak mutilari, eta plazaren erdian biluztu balute bezala gelditu da mutila. Gorroto du esaldia, bai baitaki zer dakarren, zer datorren: neska kontu eske hasiko zaio, beren harremanari egin zaizkion arrakalak izendatuko dizkio banan-banan, erabakiren bat hartu beharra planteatuko dio. Mutilak zerbeza-lata bat ireki du. Deseroso segitzen du. Ahoa zabaltzen badu, eztabaida bizian hasiko dira. Ahorik zabaltzen ez badu ere, gauza bera. Neska hasita dago arrakalak seinalatzen. Mutilak bigarren zerbeza bat hartu du. Lata irekitzerako, eztabaida bizian hasi dira. Neska, erantzukizun eske. Mutila, defentsiban, soken kontra. Denbora irabazi nahian, barkamena eskatu dio neskari. Neskak berean segitu du, barrena hustu arte. Bigarren zerbeza-potea hustu du mutilak. Bukatu da sesioa.

Hurrengo bat arte. Hurrengo batean ere

Titularrak

Hego Euskal Herriko egunkarietatik, berripaper hau izan zen lehen orrialdera ekarri zituena EAEko administrazioetan euskararen erabileraz egindako ebaluaketaren datuak. Arazo estruktural bat seinalatzen zuen atzoko titular nagusiak:

Duintasunez

Mahaiz mahai zebilela, tiraka zeraman orgatxoak nire aulkia jo zuen. Barkamena eskatu zidan leuntasun adeitsuz, baina ez zizkidan orgatxoan zeramatzan salgaiak eskaini. Burutik pasatu zitzaidan irakurtzen ari nintzelako ez ninduela molestatu nahi izan. Detaile leun adeitsua hura ere. Terrazako mahai guztiak pasatu zituenean

Zahar berrian

Hastapenetan, gizakia ez zen hiztun, ez zen hizkuntza baten jabe. Milaka urte behar izan zituen sistema linguistiko koherente bat sortu eta garatzeko. Gutariko bakoitzak umetako urteak eta helduaroko usteak erre behar izan ditugu nork bere hizkuntza ikasteko, eta hala ere: inor ez gara hizkuntza baten aukera guztiak baliatzeko gai, hiztun oso izatea lortu gabe iristen gara zerraldora. Ez diogu etekin beterik ateratzen hizkuntzari. Guztiarekin ere, gure baitako menduak eta gure baitatik kanpoko mundua espresatzeko modu egokienen bila gabiltza beti. Halaxe asmatu genuen, esaterako, antzezpena, hiztun jardunaren maila artistiko zaharrena.

Zaharra da

Ekuador

Snowden, Estatu Batuetako hainbat dokumentu sekretu ezagutarazi dituen informatikoa, Ekuador bidean da letrok idazten ari naizen unean. Assangek ere Ekuadorreko asiloa baliatu zuen orain urtebete doi.

Bi informatikoei esker, ekuador-marra gardena ikusi digu demokraziaren eta autoritarismoaren, askatasunaren eta segurtasunaren, komunikazioaren eta manipulazioaren, sekretuaren eta gardentasunaren artean. Giza eskubideek ere badute beren marra gorria, nonahi ikusten ari gara. Estatu Batuetan, Txinan, Errusian. Espainian. Non, ez? Egunotan, Brasilen ere ikusi dugu. Hango polizia bertako sare sozialak interbenitzen hasi da azken aldiko protesten indarra neutralizatzeko, han ere segurtasuna jarri dute legearen gainetik. Segurtasuna, norena, ordea?

Espresio eskubideek eta herritarren bizitza pribatuak ez dute segurtasunerako eskubiderik: ezkutatzeko asko daukanak darabil beti segurtasunaren ezkutua.

Sakrifizioa

Jendea lanetik botatzeko txirristak jarri, soldatak abarketaperaino jaitsi, pentsioei zahartzen utzi, gerrikoei zulo berriak egin. Labur esanda: sakrifizioa egin. Diruaren ardura dutenek (dirurik falta ez zaienek) gustukoa dute hitza: zulotik irteteko, sakrifizioa omen da bidea, gainbalio erlijiosoa duen hitz horrekin betetzen zaie ahoa. Atzo arte, kontsumoa, atsegina, ongizatea bezalako hitz hedonistak dantzatzen zituzten.

Sermolarien hiztegikoa da sakrifizio hitza, eta aldare bat behar du, jainko bati eskaintzen zaio. Horregatik, gerrikoari enegarren zulo bat egiteko orduan, logikoa da sakrifizioa zein jainkori oparitu jakin nahi izatea. Elkartasunarenari, justiziarenari, ondasunen banaketa orekatuago batenari? Ez genuke jainko kaskarra, sakrifizioak merezi luke aldare egoki bat aurkitu izana gurutze bidean.

Eskatzen ari zaizkigun sakrifizioak, ordea, dirua dutenen dirua ditu aldare eta maldizio, horixe tamala.

Arriskua

Ea lortzen duzun mareatu gabe erreparatzea matematikako katedradun batek kalkulatutako zifra alimalekoari: 10.000.000.000.000.000.000.000.000.000.000. Numeroen ilara luze horren parean jar ezazu 1 apal bakarti bat. Hor dituzu aurrez aurre, zein bere lubakian, zenbaki luze esan ezina eta 1 xumea. Bi zifren arteko lehiak zinez behar du desorekatua. Eta halaxe da: zifra luzearen baitako milioika aukeretatik bakarra omen dago, bat bakar biluzi hori baino ez, lau notariok nahasteko, bakoitzak bere aldetik, Espainiako Kristina Infantaren nortasun agiriko zenbakia eta terreno batzuen hainbat jaberenena.

Hala ere, akats burokratiko bat dela sinestarazi nahi digute.

Egia deskubritzea arriskutsua denean, arriskuaren estalgarri aproposak izan ohi dira gezurra, manipulazioa, engainua. Hain gezur baldar sekulakoa asmatu dutenean, nolakoa ote da engainuak ezkutatu nahi duen egia, zenbaterainokoa egia publiko egitearen arriskua.