Sakrifizioa

Jendea lanetik botatzeko txirristak jarri, soldatak abarketaperaino jaitsi, pentsioei zahartzen utzi, gerrikoei zulo berriak egin. Labur esanda: sakrifizioa egin. Diruaren ardura dutenek (dirurik falta ez zaienek) gustukoa dute hitza: zulotik irteteko, sakrifizioa omen da bidea, gainbalio erlijiosoa duen hitz horrekin betetzen zaie ahoa. Atzo arte, kontsumoa, atsegina, ongizatea bezalako hitz hedonistak dantzatzen zituzten.

Sermolarien hiztegikoa da sakrifizio hitza, eta aldare bat behar du, jainko bati eskaintzen zaio. Horregatik, gerrikoari enegarren zulo bat egiteko orduan, logikoa da sakrifizioa zein jainkori oparitu jakin nahi izatea. Elkartasunarenari, justiziarenari, ondasunen banaketa orekatuago batenari? Ez genuke jainko kaskarra, sakrifizioak merezi luke aldare egoki bat aurkitu izana gurutze bidean.

Eskatzen ari zaizkigun sakrifizioak, ordea, dirua dutenen dirua ditu aldare eta maldizio, horixe tamala.

6 thoughts on “Sakrifizioa

  1. Liberalkeriaren Troikak Greziari sakrifizioak egin ditzan eskatzen dio, “laguntza ” baten truke. Bainan zer laguntza? Gero ta beherago doa Grezia ekonomiaz eta bizimoduaz. Ondorioz bi etxe dituen greziarrak bata merke saltzen dio erroi arrotzari. Hala segitzen bada, etxerik gabe geratuko ote da ? Eskubiderik ez dago! Bitartean greziar aberatsen kapitala , kanpoan dagoena naski, zorren kopurua adina handia da. Zer sakrifizio mota egiten dute azken horiek? Troikak proposatutako “laguntza” erreferrendum batez herriak bere iritzia eta onespena eman zitzan desiratu zuen Papandreu ministro ohiak. Banan Sarkozy eta Merkel en aurrean galtzak jautsi zituen. Zer pena!

  2. Ia bizitza profesional osoa delineatzaile gisa eman dut. 1988. inguruan, gure arduradunak bildu gintuen eta marrazteko mahaia utzi beharko genuela esan zigun eta Autocad programa gureganaturik, iraultza izugarria ezarriko geniola gure lan egiteko moduari. Gure lana askoz erosoago, azkarrago, zehatzago, txukunago izatean, beta gehiago izango genuela egitasmoak ongi prestatzeko eta kalkuluak patxadaz egiteko. Beste aldetik, informatika, robotika eta hainbat aurrerapen teknikoak aipatuz, ongizatezko gizartea ez ezik aisiaren kultura ere aldarrikatu zuten garai haietako komunikabide guztiek. Pentsa, ikasi beharko genuela gure denbora tarte libreak antolatzen!
    Bai eta zera ere, bulego teknikoko 10 delineatzaileren lana bizpahiru morroi artean egiten zela ikusirik, soberakina kaleratzen zuten gupidarik gabe nagusiek. Eta berriro arrapaladan lan egiten jo eta ke, mingaina aterata behar guztiak garaiz burutzeko. Beste horrenbeste gertatzen zen industriako edozein arlotan. Zenbat langile makinek kaleratuak! To, ongizatezko gizartea eta aisiaren kultura!!
    Begi bistan da zer ekarri zigun guri, betikoei, aurrerapenek. Gero, higiezinen burbuila lehertuta, ustelduraren kiratsa hedatu zen estatu osoan,

  3. Ederra sartu nahi diguten ziria, ulertarazi nahi zigutek berriki arte Ongi Izaitearen funtsa kontsumitzean zetzan bitarte, ustez, aberasgarrian, orain, maldari beheiti goazeino, huraxe izan dela gure galbidea. Ea norbaitek azaltzen didan nola egon daitezkeen zuzen sekula galtzen ez dutenak lehen zerbait eta orain arras kontrakoa badiote. Eta ea norbaitek azaltzen didan nola sinets ditzaketen beti galtzen dutenek lehengo eta egungo gezur kontrajarriak.

    Jaimeren kontua ederki pairatu diagu geure lantegian hondar urteotan. Makina batzuk saldu zitiztean eta bertako langileak bertze lanpostu batzuetan birkokatu

  4. Ados natorrek hirekin Txantrea adiskide on hori; aurrerapenak asmatu zituztenen xedea ez zuan inoiz jendea kale gorrira botatzea izan. Baina gauza argi bat diagu, kapitala izan duk programak eta makina berriak erosteko adina diru eduki duena, asmakizun merkatua bereganatuz. Nik uste.
    Izan untsa.

  5. Beraz, Jaime adixkidea, sistema hautsi behar diagu, pribilegioak deuseztatu eta ondasunak denon esku jarri, lehentasunik gabe. Ele batez: iraultza.

    Egon bizkor.

  6. Erdialdeko Europak, bertoko jauntxoek (por zierto, aberatsen kopurua igo egin da)jopu bihurtu gura gaituzte.
    Argal egotea osasuntsua omen da, arriskua Mauthausen-ekoen neurriraino helduz gero.

    Egun ona izan, guztioi! Beno, batez ere meheei

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude