Sesioa

Hitz egin behar dugu, esan dio neskak mutilari, eta plazaren erdian biluztu balute bezala gelditu da mutila. Gorroto du esaldia, bai baitaki zer dakarren, zer datorren: neska kontu eske hasiko zaio, beren harremanari egin zaizkion arrakalak izendatuko dizkio banan-banan, erabakiren bat hartu beharra planteatuko dio. Mutilak zerbeza-lata bat ireki du. Deseroso segitzen du. Ahoa zabaltzen badu, eztabaida bizian hasiko dira. Ahorik zabaltzen ez badu ere, gauza bera. Neska hasita dago arrakalak seinalatzen. Mutilak bigarren zerbeza bat hartu du. Lata irekitzerako, eztabaida bizian hasi dira. Neska, erantzukizun eske. Mutila, defentsiban, soken kontra. Denbora irabazi nahian, barkamena eskatu dio neskari. Neskak berean segitu du, barrena hustu arte. Bigarren zerbeza-potea hustu du mutilak. Bukatu da sesioa.

Hurrengo bat arte. Hurrengo batean ere

5 thoughts on “Sesioa

  1. Zeinen zailak diren sexuen arteko harremanak! Lehenengo batean, gure gailentasun fisikoan oinarrituta eta gero guk asmatutako erlijio eta legez baliaturik, mende luzez lortu genuen emakumeen otzantasun eta mendetasuna. Polito bizi ginen gure kidekoek izan behar zutenen jaun eta jabe izanik!
    Amigo, emakumeak kokoteraino zeuden, eta, Erdi Aroan hasita, Ilustrazioan jarraituz, New Yorkeko kaleetan, 1912ko maiatzaren 6an hain zuzen ere, sufragista damek aldarrikatu zuten munduko emakumeek, ozenki edo isilik, exijitzen zutena, hots, euren eskubideen defentsa. Harrezkero, pixkanaka-pixkanaka, handitu eta puztu egin da mugimendu hau. Gaur egun, ez daiteke esan emakume eta gizona kide-kidekoak direnik, baina, berdintasuna lortzen ari dira gutxika-gutxika.
    Beraz, gaurko emakumeak, oro har, baditu bere ikasketak eta sarritan bere lana ere; hau independentzia edo gizonarekiko mendetasun eza suposatzen zaio, neurri batean behintzat. Zein da ondorioa? Gaur egungo emakumeak ez ditu memelo baten lerdokeriak jasaten, eta gure garaietan oso gutxi gertatzen zena orain eguneroko albiste bilakatu da dibortzioa. Batzuetan guztiz justifikatua, beste batzuetan ez. Maiz gertatzen da, gizaldizko menpekotasunak itsututa, ultra-feministek gizon guztiak etsaitzat hartuta, euren gerra partikularra aldarrikatzen dietela fronte guztietan.
    Jakina, denbora luzez zanpatua izan den malgukiak beste muturreraino jotzen ohi du askatzen denean. Dena dela, etorkizun batean, gizarte orekatuan biziko bagara, gizonok gure ezinbesteko osagarritzat onartu beharko ditugu emakumeak. Osagarri xarmantak, portzierto!!

  2. Eta zergatik eutsi behar zaie erdi ustel egon daitezkeen usteei? Eta zergatik segitu behar dugu pentsatzen norberak (eta soilik norberak) daukagula arrazoi? Eta zergatik uste behar dugu hobena beti bertzearena dela? Eta usteak uste, arrazoiak arrazoi eta hobendunak hobendun, zergatik segitu nahi dugu haserre eta mesfidantzan baizik sortzen ez digun harremanarekin?
    Beharbada ez genikek dena hain herstu lotu beharko. Agian, elkarrekin ibiliagatik, bakoitzak bere askatasuntxoa eduki beharko likek eta bikotekidearena errespetatu eta ulertu. Nork zekik ez ote genukeen bazter utzi beharko den-dena elkarrekin egin beharko genukeelako ustea. Kontu itxiegiek ito gaitzaketek eta zoragarri bezain liluragarria izan zitekeena betiko izorratu.
    Ez zekiat, ez zekiat fitsik ere. Hausnarketarako materiala lerrootaratu dizuet. Bertzerik gabe.
    Egon bizkor.

  3. Ezin dut gehiago. Zerbait egin behar dugu. Honek ezin segi dezake horrela. Gaur berean erran beharko diot. Hasi ginelarik dena zen goxo, ezti, eme. Haiek ferekak, haiek laztanak, haiek ezusteko maitagarriak. Edozein egunetan, astegunetan den buruzurienean ere, beti zegoen maitasunerako astia, beti gozamenerako (eta ez soilik sexu kontuetarako). Denborak, aldiz, dena ahuldu du. Jadanik ez du lehengo trebeziarik ni pozten nauena antzemaiteko. Ez darabil lehengo hizkera maitasunezkoa nirekin. Solasean gaudelarik soa bertze edozein gonari doakio. Alkohola ere gure artean kokatu da, sendo gainera. Lehengo ezusteko pozgarriak amaitu dira. Orain, daudenean, mingarriak izaiten dira. Negar egitekoak. Uste dut, uste sendoa dut, ez nauen maite. Nirekin segitze hutsagatik segitzen duen ere uste dut.
    Gaur, barkamena eskaturikan ere, kontu hau garbitu beharko dugu. Erantzun argi eta garbia eskatuko diot…

  4. Hara nola heldu den. Berriz ere kontu eske dator. Erretolika errepikatzerat dator. Lehengo esaldiak hitzez hitz berreraiterat: lehen aisa xarmangarria hintzen nirekin; beti hituen ele goxoak; ez hion bertze nehori begiratzen, ez nirekin hengoelarik bederen; oparitxoak ere maiz emaiten hizkidan

  5. Uste dut, edo hobe esanda, nire esperientzia da gizonoi norbere sentimenduez berba egiteko “gimnasia” falta zaigula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude